Usurbilen igandean Kilometroak ospatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 2a

Gipuzkoako Ikastolen jaia, Kilometroak Usurbilen egingo da igandean. Jaian bildutako dirua Udarregi Ikastolarentzat izango da.

Gattunk, gattunk lotzen gattunk harira... Kilometroak 15etako jai giroa izango da nagusi igandean Usurbilen. 

Aurten Gattunk lelopean Udarregi ikastolaren alde bilduko da dirua. Egitarau zabala antolatu da 5 gune ezberdinetan eta Kalezar eta Lurra eremuetan: kontzertuak, haurrentzako antzerki eta Irrien Lagunen puzgarriak, erronka probak eta tailerrak.

Ibilbide osoan zehar txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak, erraldoi eta buruhandiak, joaldunak, batukada, dantzak, txalapartariak, elektrotxaranga, txaranga, etb izango dira.

Nola iritsi

Ehundaka gipuzkoar espero dituzte usurbildarrek igandean. Herrira edo ibilbidera hurbildu nahi duenak kotxez, trenez, autobuses, oinez eta bizikletaz egin dezake.

Antolakuntzaren nahia  bidegorrien sarea aprobetxatuz, ahalik eta jende gehien bizikletaz joatea da.  Horretarako, martxa bat antolatu du, eta bizikleten aparkalekua jarriko dugu ibilbidean bertan.

Euskotrenek eta Lurraldebusek zerbitzuak indartuko dituzte.

Kotxez joan nahi dutenek, kontuan izan behar dute N-634 errepidea itxita egongo dela. Horregatik, hiru aparkaleku prestatukoditu antolakuntzak, Urbilen, Belartzan eta Aritzetan; eta horietatik etengabeko autobus zerbitzua izango da.

Baina oinez joateko aukera ere badago Zubietatik Santueneara edo Txiki erditik Aliri zubi ondoko oinezko pasabidea hartu, trenbidea igaro eta Troiatik igota ibilbidearekin bat egin ahalko da.

Iturriko ura eta hondakinak

Jasangarritasuna du erronketako bat aurtengo Kilometroak ekitaldirako.

Horregatik, iturriko ura sustatu eta ahalik eta ur botila gutxien kontsumitzea litzateke norabide horretan emandako pausoetako bat.

Iturriko ura kontsumitu dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri eta bereziki sustapen mezuak zabalduko dira.

Honetaz gain, hondakinak birziklatzeko eskatu nahi die antolakuntzak Usurbilera hurbiltzen direnei. Ibilbidean nahiko edukiontzi izango direla jakitera eman dute. Herriko txokoak aurkitu bezain garbi uzten saiatzeko ere eskatu dute.

Egitaraua eta informazio gehiago www.kilometroak.eus orrialdean eskuratu dezakezue.