Arratsaldeko lauetan kiroldegira joateko hautua egin duena ez da damutu, ezta gutxiagorik ere. Erakustaldia eman du Cecilia Fruta Denda Kebab Lasarte Ostadar taldeak. Ez dio inolako aukerarik eman Anoeta FT taldeari eta Gipuzkoako 2. mailako lidergotza hartu du lehen jardunaldian, 6-1 irabazita. Konplexua da areto-futbola, baloia alde batetik bestera hutsik egin gabe eramatea eta mugimendu denak koordinatzea, baina partiduan lehen minututik kontzentratuta, tentsioan egoteak eta aulkiko kide eta entrenatzaileen etengabeko animoek plus bat ematen dute beti. Horrekin jokatu du Cecilia Ostadar taldeak, eta fruituak jaso ditu amaieran.
Berehala eman du lehen abisua etxeko taldeak, Javier Vecilla kapitainak zutoinera egin baitu jaurtiketa. Handik gutxira ireki du markagailua Iñaki Franciscok, zortzigarren minutuan, Anoeta FTren jokalari baten eta atezainaren gaizki-ulertu baten ostean; eskuin hankaren punta erabili du aldaratzea ate barrura bidaltzeko. Hortik aurrerakoak izan dira herriko taldearen lehen zatiko minutu onenak, baloia azkar baina era berean pazientziaz mugituz aukera dezente sortu baititu, nahiz eta gol ez bihurtu. 20. minutu inguruan intentsitatea jaitsi du apur bat Cecilia Ostadarrek, eta atsedenaldira iristeko geratzen ziren 10 minutu horietan atera dute burua kanpotarrek, Yosu Lopez atezainaren ingurura iritsiz. Aipagarria benetan 26. minutuan egin duen geldiketa, banakoa eragotziz. 1-0ekoarekin iritsi dira bi taldeak atsedenaldira. Erabakitzeke zegoen dena. Eta gol-erauntsi bat etortzeke.
Bigarren zatiari ekin eta berehala handitu du markagailuko aldea etxeko taldeak. Javier Vecillak jokaldi ederra egin du ezker hegaletik eta Jose Cevallosek ate barrura bidali du baloia atezain eta defentsari aurrea hartuta. Hortik aurrera norgehiagokaren jaun eta jabe izan da Cecilia Ostadar, eta 38. minutuan Anoetakoek 2-1ekoa ezarri duten arren ilusio bat besterik ez da izan, handik bi minutura hirugarrena jaso baitute, etxekoen presio bortitza dela-eta areatik gertu galdutako baloi baten ondorioz. Iñaki Franciscoren bigarren gola izan da hori. Hortik bukaerara bitartean beste hiru gol sartu dituzte herriko taldeko jokalariek: Mikel Escribanok aldaratze bat baliatuz, Iñaki Franciscok 'hat-trick' delakoa lortuz eta Sergio Pelaezek penaltiz. Amaieran 6-1ekoa, denboraldiko hiru puntuak eta kategoriako lidertza. Ezin da gehiago eskatu.
Porrot gogorra
Txanponaren beste aldea ikusi dute gaur 3. Nazionaleko Ostadar Antonio Aroztegia taldeko jokalariek. Porrot mingarria jaso dute etxean, Elorrioko Buskantzaren kontra: 1-9. Amaierako markagailuak islatzen duena baino tarte txikiagoa egon da bi taldeen artean lehenengo zatian, 0-2koarekin joan baitira atsedenaldira. Egia da Ostadarreko atezainak zenbait geldiketa bikain egin dituela, baina etxeko taldeak ere izan ditu bere aukerak, Iñigo Jakak 0-1ekoarekin zutoinera bidalitako jaurtiketa bat bereziki. Balizko 1-1eko horretatik 0-2kora pasa dira segituan, eta emaitza horrekin iritsi dira atsedenaldira.
Itxura oso ona eman dute Elorrioko jokalariek Kiroldegian, baloia azkar berreskuratuz eta kontraerasora oso bizkor ateraz. Ideiak oso argi eduki dituzte eta gainera jokaldi oso onak jostea lortu dute etxekoen zoritxarrerako. Bien bitartean, etxeko taldea urduriago aritu da baloia hanketan, borondate ona eta gogoa bai baina zehaztasun faltarekin. Dena dela, sortu ditu aukerak lehen esan bezala, eta errematerako orduan zertxobait finago ibili izan balira emaitza are estuagoa izango litzateke atsedenaldian.
Bigarren zatian apenas egon da lehiarik, Elorriok gol bat bestearen atzetik sartu baitu. Etxekoek lortu dute ohorezko gola sartzea baina ez dute gehiegi ospatu, ez baitzen giro. Epaileek partidua amaitutzat eman izana izan da Ostadar Antonioko jokalariek jaso duten albisterik onena gaurkoan. Ezin esan saiatu ez direnik, kemen eta gogorik jarri ez dutenik, baina norgehiagokan zehar kanpoko taldea izan da nagusi. Gisa horretako porrotak mingarriak badira ere, gauza positiboak ateratzeko eta hurrengo asteburuan garaipenaren bila joateko asmo irmoarekin erretiratu dira jokalariak. Kalitatea badutela erakutsi dute; txanponaren alde hori ez dute arratsaldero ikusiko.