Memoria istorikoari herdoila kenduz

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 22a, 22:18

Errepublikarrek 1936an eskuz egindako lehergailuen 22 pieza aurkeztu ditu gaur herriko Islada Ezkutatuak taldeak. Hori izan da elkartearen azken aurkikuntza; iragan maiatzan topatu zituzten pieza horiek, Txaldatxur mendixkako lubaki batean.

Udaletxe berriko mahai zuri batean jarri ditu Islada Ezkutatuak taldeak eskuz egindako lehergailu batzuen 22 pieza. Maiatzeko larunbat batean topatu zituzten horiek denak, Txaldatxur mendixkako lubaki batean. 1936koak dira eta normala den moduan laranja kolorea hartu dute pieza horiek, baina barruan daramaten istorioari eta gure memoria historikoari herdoil apur bat gehiago kendu diote aurkikuntza horren bitartez.

Txaldatxur mendixkan (Zubieta inguruan) hainbat lubaki egin zituzten errepublikarrek 1936ko altxamendu militarrean, garaiko gobernuaren aurka altxatu zirenen erasoei aurre egiteko. Bigarrenen armamentu profesional eta garatuaren aurka (fusilak, morteroak…) imajinazioa eta eskulana erabili zituzten gubernamentalek, baliabide material gehiegirik ez baitzuten. Gauzak horrela, besteak beste eskuz egindako lehergailuak baliatu zituzten guda horretan, fusilen bitartez zein eskuz botatzekoak.

Ia 80 urte igaro dira ordutik, baina granada horietako batzuk lubakian zeuden oraindik, maiatzeko larunbat batean herriko Islada Ezkutatuak taldeak topatu zituen arte. Gaur aurkeztu ditu elkarteak aurkikuntza horiek, Lasarte-Oriako, Zubietako, Donostiako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera.

“Elkarlanak egiten du posible hau dena. Erakundeek baliabideak eta dirua jartzen dituzte, eta guk, Islada Ezkutatuak taldeko kideok, lanorduak”. Mailu Arrutiren hitzak dira horiek. Hark azaldu ditu gainetik elkartearen azken aurkikuntzaren nondik-norakoak. “Maiatzeko larunbat batean topatu genituen eskuz egindako lehergailu horiek, 22 pieza guztira. Horren ostean jarri genuen martxan prozedura guztia, garaiko alkate Pablo Barriori jakinarazi genion aurkitutakoa eta Ertzaintzako kideak etorri ziren lehergailuen egoera aztertu eta txostena egitera”, zehaztu du Arrutik. Aipatutako horiei eskerrak eman dizkie emandako laguntzagatik, baita gaur egungo alkate Jesus Zaballosi ere, laguntza hori ematen jarraitzeagatik.

Maribel Vaquero Giza Baliabideen zuzendaria izan da aurkezpenean Foru Aldundiaren izenean, eta Islada Ezkutatuak-en lanaren garrantzia nabarmendu du: “Euskal Herriko memoria historikoa berreraikitzeko oso garrantzitsuak dira gisa honetako aurkikuntzak, egia ezagutu eta aitortza eta justizia egiteko ondoren”. Herri ekimenaren ideia ere aipatu du Vaquerok, gero Zubietako Herri Batzarreko Itziar Basterrikak ere azpimarratu duena: “Egia da erakundeok baliabideak ematen ditugula gisa honetako jarduerak burutzeko, baina herriko taldeen bultzadarik gabe ez litzateke posible lan hau guztia egitea”.

Donostiako Giza Baliabideen zinegotzi Juan Ramon Vilesek hartu du hitza ondoren, aurkikuntzari buruz aritzeko. “Gaur mahai gainean daudenak pieza herdoildu batzuk baino askoz gehiago dira, gure istorioaren zati ahaztu eta ia debekatu bat islatzen dutenak. Material horrek erakusten du biztanle arrunt batzuek –errepublikarrek- altxamendu militar eta soldadu profesionalei egin zietela aurre”, adierazi du.

Iturginen hodiekin egindako lehergailuak

Ideia hori hartu du ardatz gisa Joxe Agustin Muguruza Islada Ezkutatuak taldeko kideak, aurkitutakoaren jatorriaren berri ematen hasi denean. “Errepublikarrak eraso zituztenak militar profesionalak ziren, eta armamentu ona zeukaten; hemengoek ahal zutenarekin armak sortu eta horrekin babestu zuten euren lubakia”, zehaztu du.

Besteak beste, “gaur egun edozein iturginek” erabili dezakeen hodiak baliatuz lehergailuak egin zituzten, Muguruzak aipatu moduan. “Arrasateko Elma SA enpresak ekoizten zituen hodi horiek, harena soilik zen patentea, eta edozein dendatan eros zitezkeen. Badakigu guk aurkitutakoak bertan eraikiak izan zirela, torlojuetan ‘GE1’ eta ‘GE2’ markak topatu baititugu; ‘Grupo Elma’ eta torlojuaren neurria adierazten dute”.

Hodi horiek hartu eta barruan dinamita eta eskura zeukatena sartzen zuten lehergailuen egileek. Muguruzak jakinarazi du Lasarte-Orian ere bazela gisa horretako armak egiten zituen toki bat, Brunet fabrika ezagunean hain zuzen: “Fabrikako tailerretako batean elkartzen ziren lehergailuak eraiki eta frogak egiteko”. Manuel Chiapuso anarkistak bildu zituen datu horiek denak ‘Comuna de San Sebastian’ liburuan.

Lehergailu horietako batzuk fusilen bitartez jaurti zitezkeen, 150-200 metroko distantziara. Hala ere, Muguruzak zehaztu duenez ez ziren oso praktikoak lehergailu horiek, fusilak “oso hondatuta” uzten zituztelako. Bestalde, errepublikarrek “tentuz” erabili behar zituzten lehergailuak eta denbora primeran kalkulatu, jaurti eta berehala lehertu ezean altxatuen bandokoek bueltan jaurti zitzaketelako.

1936an zeregin horretarako fabrikatuak izan ziren lehergailuetako batzuk Txaldatxurren geratu ziren, eta 80 urte beranduago Islada Ezkutatuak taldeak topatu ditu eta beharrezko tramiteak egin ostean Lasarte-Oriara ekarri ditu.

Erakusketa udaletxean

Jesus Zaballos alkateak jakinarazi duenez, gaur aurkeztutako 22 pieza horiekin erakusketa egingo du Udalak, eta udaletxe berriko ‘hall’-ean jarriko ditu, nahi duten guztiek horiek ikusteko aukera izan dezaten. "Egonkorra" izango da erakusketa hori eta ez "aldi baterakoa" soilik, alkateak azpimarratu duenez.

Era berean, Islada Ezkutatuak taldeko kideek egindako lana goraipatu du, eta adierazi du beste erakunderen bat udalarekin harremanetan jarriz gero ez legokeela arazorik pieza horiek beste nonbait erakusteko, elkarteko kideekin adostu ostean beti ere.