Nagusien lasterketa eta sari banaketa 12:15 aldera amaituko dira, baina horrek ez du esan nahi igandeko ekitaldi guztiak ordu horretan bukatuko direnik. Kros Txikiaren XV. edizioa ospatuko da segidan.
Haur eta gaztetxoen txanda iritsiko da helduen lasterketa amaitu eta berehala. Antolatzaileek 700 bat korrikalari gaztetxo espero dituzte, 5 eta 14 urte artekoak, hau da 2000. urtean jaiotakoak izanik zaharrenak.
Ibilbideak
Urtero legez, adinaren arabera mailatan banatu dituzte korrikalariak; aurten, sei mailatan.
A mailakoak izango dira Korrika Festan parte hartuko duten gazteenak. 100 metro korrituko dituzte 2010. urtean jaiotakoek. Frutas Ruiz denda parean hasiko dira eta Okendo plazaraino egin beharko dute lasterka.
Txikienek amaitu eta hamar minutura, 12:25ak aldera izango da B mailakoen txanda (2009an eta 2008an jaiotakoak). Apur bat luzeagoa izango da haien ibilbidea: 150 metro Geltoki eta Iñigo de Loyola kale arteko bidegurutzetik, Okendo plazara arte.
2007 eta 2000. urte bitartean jaiotakoek 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak burutuko dituzte. Okendon hasi, Hipodromo kalea hartu eta Uistin kaletik barrena joango dira. Blas de Lezotik Geltoki kalera egin eta Okendon bukatuko dute. Adinaren araberakoak izango da eman beharreko itzulien kopurua: zenbat eta helduagoak izan haurrak, orduan eta itzuli gehiago egin beharko dituzte (1 eta 3 artean).
Haurrak eramateko guneak
Gaztetxoen mailaren arabera, gune batean edo bestean utzi beharko dira, lasterketetan parte hartu dezaten.
Gazteenek (A eta B mailakoek) Michelingo kirol gunean izango dute harrera gunea.
Gainontzekoek berriz, Antonio Mercero plazan eta Udaletxe berriko arkupeetan.
Antolatzaileek ohartarazi dute komenigarria dela haurrak lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago eramatea harrera guneetara, lasterketak ongi antolatzeko denbora eduki dezaten.
Korrika Festa amaitzen denean, Okendo plazako helmuga ingurura joan beharko dute familiek haurren bila.
Izena ematea
Helduen kasuan gertatzen den moduan, Kros Txikian parte hartu nahi duten haurrek aukera dute oraindik Kros Txikian izena emateko.
Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian eman beharko da izena. Gaurtik ostiralera egongo da aukera, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Bestela, azken egunean ere izango dute aukera inskripzioa egiteko, Okendoko informazio gunean 11:00etatik 12:00etara. Izen ematearen prezioa 5 eurokoa da.
Korrika Festan parte hartzeagatik kamiseta bat, domina bat eta hamaiketakoa jasoko dituzte haurrek.