Lasarte-Oria bai! Krosa igandean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 22a

Atsobakarreko biribilgunean ikusi daiteke Lasarte-Oriako XX. Kros Herrikoia iragartzen duen kartela. Sei egun besterik ez dira falta herriko kaleak korrikalariz betetzeko. Izena emateko epea irekita dago oraindik, ostiralera arte. Ostadarreko bulegoan egin beharrean, aurten Manuel Lekuonako kafetegian egin beharko da hau.

Korrikalariz beteko dira Lasarte-Oriako kaleak igandean. Egutegian gorriz markatzen diren zita horietako bat iritsi da herrira, XX. aldiz: Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. 

Milatik gora korrikalarik hartuko dute parte igandeko lasterketan. Frutas Ruiz fruta dendaren parean izango da irteera puntua; helmuga, berriz, Okendo plazara iritsi baino apur bat lehenago, Laubide izenez ezagutzen den bidegurutzean. Guztira, 10.500 metroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek.

Lasterketa

10:30ean hasiko da helduen lasterketa; ez dago inolako berrikuntzarik hor. Eta hau ere zerbait berria ez den arren, antolatzaileek ohartarazi dute kontuz ibiltzeko ordulariarekin, urtero bezala ordu aldaketa egin beharko delako krosaren egunaren goizaldean: goizeko 3:00etan 2:00ak izango dira.

Korrika egiten hasi aurretik agurra dantzatuko zaie korrikalari guztiei, antolatzaileek jakinarazi dutenez. 

Gurpildun aulkian aritzen diren korrikalariak bi minutu lehenago hasiko dira 10.500 metroko ibilbidea egiten.

Izena emateko leku aldaketa

Lasarte-Oriako XX. Kros Herrikoiean parte hartu nahi dutenek hainbat bide dituzte izena emateko.

Aurten, Ostadarrek Geltoki kaleko lokalera joan beharrean, Manuel Lekuonako kafetegian (1go solairukoan) eman beharko dute izena lasterkariek. Urriaren 13tik aurrera egin beharko dute, 17:00etatik 20:00etara astegunetan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “jende-pilaketak saiheste aldera” erabaki dute izen-ematea lekuz aldatzea: “Erosoagoa izango da prozesua; zerbitzu hobea emango dugu”. Bestalde, Manuel Lekuonara gerturatzerik ez dutenek, Internet bidez eskuratu dezakete iganderako dortsala. Ostadarren webgunean bertan egin dezakete (www.ostadarskt.eus), edo www.sailkapenak.com atarian. 

Hala ere, dortsalak oraindik agortu ez badira, lasterketa egunean posible izango da inskripzioa egitea, 9:00etatik 10:00etara, Michelin kirol guneko pilotalekuan. 

Ostadarreko bazkide direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte lasterketan parte har-tzeko (bazkide txartela erakutsi beharko dute izena ematean). 

Bazkide ez direnek berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte. Norbaitek lasterketa egunean ematen badu izena, garestiagoa izango da: 20 euro ordaindu beharko ditu, bazkide izanda edo ez. 

Dortsalen banaketa

Bezperan banatuko du materiala Ostadar SKTk: korrikalarien dortsalak (txipak integratuta izango dituztenak) eta kamiseta teknikoak. Bezperan jasotzea gomendatzen dute Ostadarretik “Era horretan lasaiago ibiliko dira korrikalariak lasterketaren egunean, eta igandeko ilarak saihestuko ditugu guk”. 

Urriaren 24ko (larunbata) ordutegiak honakoak dira: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30etara. Igandean, berriz, goizeko 9:00etatik 10:00ak arte egingo da banaketa. Antolakuntzatik azpimarratzen da agiriren bat eraman beharko dutela eurekin lasterkariek, materialaren bila joaten direnean. NAN, EHNA edo bestelakoren bat internet bidez izena eman dutenek eta kultur etxeko kafetegian apuntatu direnek bertan jasoko duten agiri bat. 

Kamiseta tekniko bat jasoko dute opari korrikalariek, urtero bezala. Lasterketa amaitu ostean herriko kirol instalazioak erabili ahalko dituzte eta hainbat sariren zozketatan sartuko dira. 

Aurreko urtean denbora neurtzeko txipa dortsalean integratu zuten lehenengoz, eta aurten formula bera erabiliko dutela gogoratzen dute antolatzaileek.