Gurasoentzako ikastaroen eskaintza zabaldu du Gizarte Zerbitzuen sailak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 21a

Hasieran iragarritakoak baino tailer bat gehiago eskainiko du Gizarte Zerbitzuen sailak, 12 eta 18 urte arteko nerabeen gurasoentzat hain zuzen. 6 eta 11 urte bitartekoentzako gurasoei eta etorkin familiei zuzendutakoak dira beste biak.

Familiei zuzendutako ikastaroen zerrenda luzatu du Gizarte Zerbitzuen sailak, 12 eta 18 urte bitarteko gurasoentzako tailer berri bat prestatu baitu. 6 eta 11 urte bitarteko haurren gurasoekin eta etorkin familiekin landuko dituzte beste biak. 

Nerabe eta gurasoen arteko harremanak, indarkeria kutsua izan dezaketen egoerak, sare sozialekin eta bideojokoekin harremanak, drogen kontsumoari nola aurre egin... Hainbat gai jorratuko dituzte tailerrean izena ematen duten gurasoek HeziZerb elkarteko kideekin batera. Azaroko asteazken guztietan eta abenduko lehenengoan egingo dituzte saioak Villa Mirentxun, 17:30etik 19:30era bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dute doakoak direla saio horiek, eta mugatuak direla plazak: 15 pertsona gehienez. Izena emateko Villa Mirentxura bertara joan beharko dute interesa dutenek, Gizarte Zerbitzuen departamentura. 

Beste bi tailerrak

Lehenengo tailerra 6tik 11 urte bitarteko adingabeen gurasoentzat izango da. HeziZerb elkarteak emango du Villa Mirentxun azaroaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean, astelehenak, 17:30etik 19:30era. Tailerrean landuko diren gaiak dira: nola arauak eta mugak ezarri familiako bizikidetza errazteko, adimen emozionala eta sozializazioa sustatzeko eta berdinen arteko gatazkak aurreikusteko, nola hitz egin “tabu” diren gaiei buruz eta sare sozialen eta bideo-jokoen erabilera.

Bigarren tailerra, kasu honetan Bidez Bide elkarteak emango duena, Lasarte-Orian berrelkartzeko eta berriz biltzeko prozesuak bizi dituzten edo etorkizunean hori egiteko asmoa duten etorkinen familientzat izango da.

Bi tailer egingo dira aldi berean, bata gurasoekin eta bestea seme-alabekin. Landuko diren gaien artean: doluak, talka kulturala, egokitze prozesuak; banatzea, berrelkartzea eta berriz biltzea; ingurune berrian sozializatzea, erlazionatzea eta haztea; jatorriko herrialdeko familia eta urrutiko harremanak... Saioak hamabostean behin egingo dira, asteazkenetan, urriaren 14an eta 28an, azaroaren 11n eta 25ean eta abenduaren 9an, 17:00etatik 19:30era, Emakumeen Zentroan.

Aipatutako bi tailer horiek ere doakoak dira, eta izena eman nahi dutenek Gizarte zerbitzuetara joan beharko dute, Villa Mirentxura. Taldea osatu arte onartuko dira parte hartzaileak.