Lasarte-Oriak ordezkaritza izango du igandean Lisboan hasiko den Europako errugbi txapelketan. Espainiako 19 urtez azpiko selekzioak 26 jokalari deitu ditu, Jon Ander Puertas herritarra horien artean. Hernanin jokatzen du gaur egun lasarteoriatar gazteak, Ohorezko Mailan.
Igandean ekingo dio txapelketari Puertasek, haren selekzioak Alemaniaren aurka neurtuko baititu indarrak, 12:00etan. Norgehiagoka hori irabaziz gero, finalaurrekoak jokatuko lituzke, eta galduz gero, kontsolazio fasearekin konformatu beharko luke.
Zortzi talde ariko dira Europako txapelketan: Portugal, Herbehereak, Errusia, Belgika, Errumania, Polonia, Alemania eta Espainia. Talde guztiek hiru neurketa jokatuko dituzte gehienez: Final laurdenetako partiduetako lau irabazleek finalaurrekoak, eta horiek irabazten dituztenek final handia. Finalerako txartela eskuratzen ez duten bi taldeek 3. eta 4. postuengatik lehiatuko dute. Final laurdenetako galtzaileek berriz, kontsolazio fasea jokatuko dute; irabazleak 5. eta 6. postuetako neurketa eta 7. eta 8.a erabakitzekoa galtzaileek.