Gaur hasi dute ikasturte berria Irakurle txokoko kideek. Aurreko urtean bezala, Uxue Alberdi kazetari eta idazleak egingo ditu dinamizatzaile lanak. Sofi Oksan idazlearen 'Garbiketa' lana aztertzeko bildu dira gaurkoan.
Hilabete bakoitzeko hirugarren astearteetan jartzen dute hitzordua, aurrez erabakitako liburu baten inguruan solasean aritzeko. Obren idazleak ere gonbidatu ohi dituzte haiekin batera egotera, bi saiotik batean. Gauzak horrela, azaroaren 17ko saioan Itxaso Martin etorriko da kultur etxera, hark idatzitako 'Ni, Vera' eleberriari buruz hitz egitera.
Urteari amaiera emateko, Iolanda Zuñigaren 'Post-it bizitzak' aztertuko dute, abenduaren 15ean. 2016ko saioei urtarrilaren 26an ekingo diete, Mikel Laboa zenaren 'Memoriak' izeneko biografia aztertuz (Marisol Bastidak idatzi du liburua).
Otsailaren 16an Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron' lana izango dute hizpide, eta martxoaren 22an Josu Martinez idazlea etorriko da 'Tunelak, izarrak, mozorroak eta bafleak' lanaz hitz egitera. Apirilaren 19an berriz, Eduardo Galeano zenaren 'Ispiluak' eta 'Hitz ibiltariak' obrak aztertuko dituzte. Maiatzaren 17an amaituko dute ikasturtea Unai Villenaren bisitarekin; 'Hauts haietatik' liburuari buruz solasean aritzeko parada izango dute Irakurle txokoko kideek, idazlearekin batera.
Kideek gogorarazi dute irekiak direla saio guztiak, eta interesa duen edonor gonbidatzen dute haiekin batera literaturaz aritzera kultur etxeko hitzaldi aretoan.