Errigora ekimenaren hirugarren urtea izango da hau eta udazkeneko eskaintza, aurrekoetan bezala, Nafar hegoaldeko produktu ezberdinekin osatutako saskia da. Bertako 15 ekoizleren produktuak bildu dituzte; ardo beltza botila bat (Azpea, Lezaun edo Mendiko), litro erdiko oliba olio birjina estra botila (Bardea, Castillo de Ablitas, Ekolo edo La casa del aceite), melokotoia almibarrean (Almanaque), orburuak (Ebron edo Maria Jesus), potxak (La Churta edo Maria Jesus), kardua (Maria Jesus edo Pedro Luis), mahats zukua (Ekolo), almendrak (Nuestra Señora del Rosario), pikillo piper ontzi txikia (Iturri), pikillo piper ontzi handia (El Escolar edo Meleta), zainzuriak (Iturri), melokotoi marmelada (Pedro Luis) eta pikillo piper untapana (Almanaque).
Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da jasotakoaren %25, Lodosa eta Vianako ikastolei, Erriberako AEK eta D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara hain zuzen ere. Saskien eskaera egiteko aukera dago Ttakuneko bulegoan,Landaberri DBH institutoan, Landaberri Garaikoetxean,Landaberri Zubietan, Michelin lantegian, Muntteri AEKn eta Iametza lantegian azaroaren 8a bitartean. Saskiak banatuko dira azaroko azken astean Goikale 8 zenbakiko lokalean.