Usurbilgo Lanbide Eskolak aurten ere Ofizio eskola erabiliko du

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 20a

Lasarte-Oriako Udalak eta Usurbilgo Lanbide eskolak beste urte batez Udalaren Ofizio eskolaren erabileraren lagapena hitzartu dute.

Jesus Zaballos alkatea, Patxi Vaquerizo Usurbilgo Lanbide eskolako zuzendaria, Beatriz Juez Sozioekonomia batzordeko burua eta Dioni Avila teknikaria izan dira gaur eguerdian hitzarmen-sinatzean.

Jesus Zaballos alkateak "Usurbilgo Lanbide eskolak egiten duen lana instalakuntza hauetan aurrera eramateko da, ez bakarrik hezkuntza, baita praktikak ere. Izan ere, lan handia egiten baitu ikasleak lan munduan txertatzeko".

Patxi Vaquerizo Usurbilgo Lanbide eskolako zuzendariak Udalari lagapena eskertu du, "Lasarte-Orian langabezian dauden pertsonen onerako izango baita" eta Lanbide eskolak bertan landuko dituen hiru arlo azaldu ditu: hezkuntza, hezkuntza-orientabidea eta enpresa haztegia.

Dagoeneko ofizio eskolan kurtso ezberdinak ematen ari direla adierazi du Vaquerizok. "Mekanikan trebatu nahi dutenei zuzendua dago bat eta energia-eraginkortasunari buruzko ikastaroa ere martxan da. Honela, abendura arte, goizetan bi gelak erabiliko dira eta kurtsoetako batek martxora edo apirilera arte jarraituko du".

"Langabezian dauden pertsonen eskaera handia da eta horrelako kurtso bat eginda, lan postua berreskuratzeko aukera handiak dituzte. Praktiken bidez, enpresekin harremana sustatuko baitugu," azpimarratu du.

Lasarte-Oriara hurbiltzen direnentzat hezkuntza-orientabide puntua izatea ere nahi dute eta horretarako pertsona bat izango da egun batzuetan Ofizio eskolan bertan ikaskuntza bitartekaritza zerbitzua eskaintzen. "Interesa dutenekin bildu eta Buruntzaldean dagoen eskaintza ezagutarazi, bere ikasketa perfila ezagutu, zein ikasketa gehigarri egin edo nola bideratu daitekeen ikusiko da".

Azkenik, enpresa haztegia dago. "Arlo bat dugu, non ikasleek zenbait enpresekin lan espezifikoa egiten duten eta haien enpresak sortzetik oso gertu dauden. Lanbide Eskolan mekanika arloan egiten da eta Lasarte-Orian, maila elektrikoan ari dira," azaldu du Usurbilgo Lanbide Esklako zuzendariak.