Arlo ezberdinen onura kreditu aldaketari esker

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 20a

Lasarte-Oriako Udalak hainbat arloetan onura izango duen kreditu aldaketa onartu zuen lehengo asteko Udalbatzarren. Besteak beste, 199.620 euro bideratuko ditu kaleen mantenua egin eta hiri-altzariak ordezkatzeko. Eguberrietako argiztapenerako aurrekontuari ere dirua gehituko zaio eta Udalaren zorra txikituko da.

Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, urriko ohiko Udalbatzarrean onartu den kreditu-aldaketari esker, herriko kaleen eta hiri-altzarien mantenuari bultzada handi bat emango zaio.

36.300 euro bideratuko dira eserlekuak eta paperontziak erostera, oso hondatuak daudenak ordezkatu eta premia berriei erantzuteko.

Era berean, herriko eserlekuak, barandak eta paperontziak lixatzeko eta pintatzeko lanak kontratuko dira, 60.500 euroan.

Kopurua bera bideratuko da oinezkoen pasabidea eta bide-seinaleak pintatzera, izan ere kale askotan ikusezinak dira.

Horrez gain, 36.300 euro bideratuko dira trafiko-seinaleak eta Manttangorriren geralekuen behin betiko seinaleztapena erostera eta Tximistarretako haur-jolasetan segurtasuneko araudia bete eta hondarrezko oinarriak ipintzeko, 10.000 euro.

Beste arlo batzuk

Honetaz gain, kreditu aldaketak bi interbentzio urbano aurreikusten ditu: Arrain-Faunaren Behatokia konpontzea, oso hondatua baitago gaur egun (11.423 euro), eta Atsobakar auzora sartzeko oinezko pasabide berri bat egitea (60.000 euro).

Pablo Garaikoetxea ikastetxeko atezainaren etxea eraberritzea ere aurreikusia dago, baita Sasoeta ikastetxearen fatxadan premiazko interbentzio bat egitea ere, 28.000 eta 10.715 euro hurrenez hurren.

Alkateak halaber iragarri du, Aterpea merkatari-elkartearekin izandako elkarrizketen ondoren, 12.150 euro gehiago bideratuko direla Eguberrietan kaleak argiztatzeko.

Islada Ezkutatuak taldeak Zubietan aurkitutako esku-bonben etorkizuneko erakusketarako, 6.000 euro bideratuko dira.

Kirolen arloan, 35.000 euro bideratuko dira kiroldegiko makineria berria erostera.

Eta azkenik, 117.114 euro udalaren gaur egungo zorra gutxitzera joango dira.