Dantza nagusi arratsaldean

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 17a

Jai giroa eta dantza izan dira nagusi arratsaldean Okendo plazan. Hala ere, ekitaldi formala ere izan da, Topa Egunaren testigu ematea.

Bazkari ederra dastatu ahal izan zuten Okendo plazan bazkaltzera geratu ziren euskaltzalee eta herritarrek.

Paella jan ondoren, haur eta zenbait guraso ederki ibili ziren Ostadar SKTko guraso talde batek eta Intza elkarteak antolatutako herri-kirol eta pilota partidetan.

Testigu ematea

Topa Eguneko ekitaldi nagusia izan da jarraian, Maider Segurola herritarrak aurkeztua. Erketz EDT taldeak agurra dantzatu die Okendo plazan bildu diren herritar eta euskaltzaleei.

Ostean, Elena Lakak Topaguneko lehendakariak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie Okendora hurbildu ziren herritar eta euskaltzaleei eta bereziki, Ttakun kultur elkarteari egindako lanagatik. "Gaur danok hemen goxo, gustora eta pozik sentitu ahal izan gara". 

Honetaz gain, Elenak testigu aldaketa aurkeztu du. Honetan Ttakun kultur elkarteak Atarrabiko Karrikaluze elkarteari eman dio Topa Eguna antolatzeko testigua, txalaparta bat. "Ttakun-ttakun honen oihartzuna bidali nahi dugu Nafarrora, Erriberara, Iparraldera, Euskal Herri osora" azaldu du Tomas Arrizabalaga Ttakun elkarteko lehendakariak. 

Mikel Karrikaluze elkarteko kideak erronka handia dela eta "zerbait duina egiten saiatuko gara" adierazi du. Era berean, denak hurrengo urteko Topa Egunera gonbidatu ditu.

Azkenik, Soraluzeko Pil-Pilean elkarteko lagunak igo dira oholtzara Topa Eguneko abestia kantatzera.

Denok dantzan

Ekitaldi formala amaitu eta Porrotx, Ane eta Piratek hartu dute plaza.

Ttakun kultur elkartea, Zabaleta auzolan, Erketz EDT, AEK eta Solaskideak, Ttirriki Ttarraka, Xumela korua, Kukuka Antzerki eta dantza eskola, Jalgune elkartea eta Topaguneko lagunak izan dira oholtza gainean. Baina asko izan dira haiekin batera plazan dantzan izan direnak ere.

Hau amaitzearekin batera, batetik herriko Oaintxe in deu! txaranga atera da Okendo plazatik herriko kaleak alaitzera. Bestetik plazan geratu direnek Eztengiro taldearen erromeri doinuez gozatu ahal izan dute.

Baina ez da plazan giroa izan bakarrik, herriko tabernatara ere euskal giroa iritsi baita, triki poteoari esker.

Hau guztiaz gain, ordu txikiak arte parranda egin nahi duenak ere badu aukera. Jalgi Kafe antzokian Xabi Aros djak euskal doinuak jarriko ditu eta.

Argazkiak eta bideoak hemen.