Iritsi dira Euskal Jaia eta Topa Eguna!!!

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 16a

Aurtengo Euskal Jai berezia dugu. Larunbatean euskal giroa izango da nagusi Lasarte-Orian, baina euskaltzaletasunaren bilgune ere izango da Topa Egunari esker. Euskal Herri osoko jendea hurbilduko da herrira. Euskal Jai eta Topa Eguneko egitarau bateratuaz gozatu ahalko dugu guztiok.

Jai giroa izango da nagusi urriaren 17an Lasarte-Orian. Euskal Jaia egunaz aparte, Topa Eguna ere antolatu da. Euskal Herriko hainbat txokoetatik gurera etorriko dira euskal komunitatean egiten den lana elkarbanatu eta Euskal Jai giroa bizitzera. Euskaltzale zein herritarrek egitarau bateratuaz gozatzeko aukera izango dute giro jatorrean. 

Kantu Jira Txikia

Goizean goiz dianak esnatuko du herria.

11:00etan, Trukegunea irekiko da Villa Mirentxun. Nahi duenak euskararen erabilera sustatzeko Euskal Herrian egin diren 5 esperientzia ezagutu ahalko ditu.

Ordu berean, iaz arrakasta izan zuen Kantu Jira Txikia egingo da. 

Haur, gazte, zein helduek Zumaburuko Isla plazatik atera eta Okendo plazara egingo dute ibilbidea.

Geldiuneetan denen gustuko kantu eta dantzak izango dira.

Okerra harria

Ongi etorri! ekitaldiaren barruan, kantua, dantza eta azken urteetan legez, Okerra harria aterako da plazara. Joseba Ostolaza eta Jokin Eizmendi harrijasotzaileek erakustaldia egin eta harri berezi hau jasotzen saiatuko dira.

Jarraian, Okendo plazan dauden herritar eta euskaltzaleek sagardoarekin topa egingo dute. 

Eta 14:30ak aldera, paella gozoa dastatzeko aukera ere izango da. 

Kirola eta dantza

Bazkal ostean berriz, haur eta gaztetxoei zuzendutako tartea dago.

Lehenik herri-kirolak eta pilota izango dira Okendo plazan. 

Txikienek txingak eraman, lokotsak bildu, zaku lasterketak edo sokatira egiteko aukera izango dute, baita Intza KE-ko lagunek prestatuko duten pilotaleku berezian pilotan jokatzekoa ere.

Topa Eguneko ekitaldi nagusia egingo da ostean. Topa Egunaren zergatia azaltzeaz gain, hurrengo urtean antolatzailea izango den Atarrabiko kultur elkarteari testigua emango zaio.
Hau amaitzean, berriro ere etxeko txikien gozamenerako ekintza izango da. Plaza dantzan jarriko baitute Irrien Lagunen 'Ane eta piratek' .

Lasarte-Oriako elkarte eta talde ezberdinak pailazoen abestiak dantzatu eta kantatzera igoko dira oholtzara. Hala nola, 'Xalala, rikiki', 'Parabara' edo 'Epo ita ta ie' abestiak entzungo dira plazan.

Gorputzak astintzen jarraitzeko, 19:00etan Eztengiro taldearen eskutik erromeria dago.
Bitartean kaleak girotzen 'Oiantxe in deu!' herriko txaranga izango da.

Azkenik, gose duenaretzat, triki poteoa eta pintxo potea izango dira herriko hainbat tabernatan.

Euskal jantzia

Honetaz gain, euskal jantzia armairutik atera eta hautsa kentzeko eguna dela gogoratu dute Ttakun kultur elkarteko kideek. Era honetara, Euskal giroan murgiltzeko baserritarrez jantzita joatea gomendatzen diete herritar eta gonbidatuei.

Tiketak eta oharra

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gaur izango da bazkarirako tiketak erosteko azken eguna. Hauek Jalgi Kafe-Antzokian eta Ttakun Kultur Elkartean daude salgai 8 eurotan.
Honetaz gain, eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi nagusiak Loidi-Barrengo pilotalekuan egingo direla ere gogorarazten dute.

Azkenik, Ttakun Kultur elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak jai giroan parte hartu eta egitarauko ekintzetara hurbiltzeko gonbita egiten die herritar eta euskaltzaleei.