LOKEko judokek ekin diote sasoiari

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 16a

LOKEko judokek hilabete daramate Kiroldegiko tatamian entrenatzen; beste hiri batzuetakoetara lehiatzera joan beharko dute orain, aurreko asteburuan ekin baitzioten 2015-2016 denboraldiari. Vigon eta Irunen izan ziren kadeteak eta seniorrak.

Entrenatzea funtsezkoa da denboraldiari behar bezala egiteko, baina konpetitzeak eman ohi die kirolariei motibazio gehigarri hori. 

Egoera horretan daude orain LOKEn judoan aritzen direnak, pasa den asteburuan ekin baitzioten lehiatzeari. Kadeteak Vigora (Galizia) joan ziren eta seniorrak Irunera, Super Kopan aritzera. 

“Desberdinak” izan dira sentsazioak bi txapelketetan, Gorka Aristegi prestatzailearen aburuz: “Ander Garrido eta Yeray Mendibe kadeteek lehen urtea dute kategorian, eta nabaritu dute aldaketa. Espainiako Super Kopan aritu dira oso maila altuan, eta ikasteko balioko die. Urduri zeuden, baina etorkizunera begira ongi etorriko zaie Galiziako esperientzia”. 

Seniorrak Irungo Super Kopan aritu ziren lehian. Gustura da Aristegi LOKEko mutilek bertan erakutsitako mailarekin: “Kalitate handiko judoa egin zuten; emaitza besterik falta izan zitzaigun. Dena dela, hilabete eskas daramagu entrenatzen eta hori kontutan hartuta espero baino hobeto ibili dira”. Asier Sagasti, Esteban Martinez eta Josu Olmos aritu ziren Irunen.

Asturias, Salamanca...

Judokek ez dute konpetiziorik asteburu honetan. Datorrenean bai, ordea: hilaren 24an Asturiasera joango dira junior eta seniorrak. Dominak kolkoratzeko “aukera dezente” edukiko dituzte, Aristegik zehaztu moduan. 

Salamancara joango dira juniorrak 25ean, Espainiako Kopan aritzera. Txapelketa “zailagoa” izango da hori LOKEko prestatzailearen hitzetan. 

Azaroaren 1ean Avilesera joango da Jesus Curiel infantila, bertako Super Kopan parte hartzera. Handik astebetera Zaragozan ariko dira judokak eta Amurrion (Araba) 14an, juniorrak hain zuzen. Valladolidera joango dira konpetitzera seniorrak 28an, azaroko egutegiari amaiera emanez. 

Abendua iristearekin batera, hitzordu gehiago: 5ean eta 6ean Burgosera joango dira infantilak eta kadeteak berriz Irunera 12an.

Konpetitzeko gogor entrenatu behar, ordea; “gustura” aritzen dira judokak Aristegiren esanetan: “Klaseak jendez beteta ditugu, benetan atsegina da horrela entrenatzea. Oso gogotsu etortzen dira lan-saioetara, oso-oso pozik nago".