Lasarte-Oria Bai! Krosa eta Tratu On Bat marka eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 15a

Udalak Aterpea eta Ostadar SKTrekin hitzarmena sinatu du Kros herrikoia baliatuz, Tratu On Bat marka sustatzeko.

Jesus Zaballos alkatea, Beatriz Juez Soziekonomia alorreko arduraduna, Imanol Baradaji Ostadarretik eta Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakaria izan dira arratsaldean egindako sinadura ekitaldian.

Hitzarmenaren bitartez alkateak azaldu duenez, herriko merkataritza eta kirol sustapena batzea izan da helburua. “Kros herrikoiak jende asko ekartzen du herrira urtero eta hau dela eta, ezin aproposagoa da kirol ekitaldi hau herriko merkataritzaren Tratu On Bat marka sustatzeko”.

Horrela izanda, Udalak Tratu On Bat markaren sustapena egiteko, Ostadarri nylonezko 2.000 poltsa emango dizkio krosean parte hartzen duten guztien artean banatzeko. Horretaz gain, udala helduen 1.300 dortsaletan zein haurren 800etan publizitatea jartzeaz arduratuko da. Horretarako 2.000 euro emango dizkio udalak kirol taldeari. Azkenik, Ostadarrek bere aldetik, lasterketa iragartzeko kartel eta eskuorrietan Tratu On Bat marka txertatzea konprometitu da.

Bigarren hitzarmen batean sinatu da udala, Aterpea eta Ostadarren arteko elkarlana. Honetan lankidetza jasotzen da hiru erakundeen artean. Krosean Aterpeak prestatu duen promozio-kanpainaren 1.500 esku orri banatuko ditu Ostadarrek. Kanpainaren arabera, 5 euroko deskontu txartela eskuratu ahal izango da gutxienez 30 euroko erosketetarako, parte hartzen duten elkarteko dendetan. Eskuorriak udalak egingo ditu.

Azkenik hiru erakundeen artean elkarlanean jarraitzeko asmoa sinatu da 2016. urtean marka sustatzen jarraitzeko.

Aldeak pozik agertu dira elkarlanarekin. Ramon Ormazabalek halako ekitaldi jendetsua herriko merkataritza eta ostalaritzari bultzadatxoa emateko baliatu behar dela esan du eta Imanol Bardajik, Ostadarren aldetik, herriko merkataritzari laguntza ematea garrantzitsutzat jo du.