Udalak 131 garaje alokairuan ateratzeko urratsa eman du

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 14a

Mamitsua izan zen ikasturte honetako bigarren ohiko udalbatzarra. Atzo arratsaldean bildu ziren korporazioko 17 kideak eta hainbat gairen inguruan aritu ziren. Besteak beste, Okendoko, Tajamarreko eta Beko Errotako 131 garaje alokairuan ateratzeko pleguak Ogasun Batzordean onartuak izan zirela jakin zuen udalbatzarrak. Horrez gain, Atsobakarreko egoitzaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin beharrezkoak diren bilera guztiak egiteko konpromisoa hartu zuten eta ITA gardentasunean erdietsitako emaitzak hobetzekoa ere bai.

Herriko hainbat gunetako 131 garaje alokairuan ateratzeko beste urrats bat eman du Lasarte-Oriako udalbatzarrak. Ogasun Batzordea bildu eta pleguak onartu zituen; horren berri eman zien Jesus Zaballos alkateak atzo udalbatzarreko kideei.

Zehaztu zuen baita ere herritarrek 60 eta 90 euro artean ordaindu beharko dutela garajeengatik, duten tamainaren arabera. Garaje horiek nori alokatu erabakitzeko, puntuazio sistema bat prestatuko du Udalak, “herritarren egoera zein den” aztertuko duena.

Atsobakar zaharren egoitza

Atsobakar egoitzaren esku-hartze aldaketa izan zen pleno aretoan eztabaidatuenetako bat. Egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatu behar duenaren zalantzarik ez dute alderdi politikoek, baina ikuspuntu desberdinak dauzkate.

PSE-EEk eta Lasarte Oriak Ahal Du alderdiek mozio bateratu bat aurkeztu zuten. Bertan zehaztu zuten Diputazioarekin beharrezko bilerak burutu behar zirela, baina eskumenak aldatzeko akordio batera iritsi ezean epaitegietara joateko borondatea agertu zuten. Arkaitz Naya LOADren bozeramaileak nabarmendu zuen “denek eskutik helduta” joan behar dutela Aldundiari “presio” egitera.

EAJ ez zen ados aipatutako bi alderdiek aurkeztutakoarekin. Bozeramaile jeltzale Estitxu Alkortak hartu zuen hitza, adierazteko bide judiziala ez dela negoziatzeko “aukera onena” eta Diputazioarekin batera egin behar duela lan Udalak. “Adostu behar den lehenengo gauza da zer nolako erresidentzia eredu nahi dugun. Aldundiak hartuko du egoitza eta ez du langilerik kaleratuko, baina zehaztu beharreko lehenengo kontua ereduarena da”.

EH Bilduren aburuz, epaitegietara joateak “presio politikoa” kenduko lioke gaiari: “Epaileak erabaki dezala, eta bitartean denok lasai. Gainera, Diputazioak ditu irabazteko aukera gehienak; ondo gordeta dute euren bizkarra”, adierazi zuen Gorka Lizarragak. Era berean, esan zuen “usain txarra” hartzen diola gaiari koalizio abertzaleak, Maite Peña Gizarte Politiketako zinegotziak esan duelako Atsobakarren defizita jaitsi egin behar dela. Gehitu zuen Aldundiak “langileak kaleratuz” lortuko duela hori.

Lourdes Acevedo Gizarte Politiketako zinegotziak (PSE-EE) hitza hartu eta adierazi zuen “negoziatzeko borondatea” dutela udal gobernuak eta alkateak, baina Aldundiaren teilatuan dagoela pilota. "Hitz egingo dugu, biltzeko borondatea badugu, baina ez gara akordio batera iritsiko edozein preziotan. Bertako langileria errespetatu beharko du Diputazioak, eta ratioa aldatu behar bada izan dadila plaza gehiago kontzertatzen direlako, ez langileak kaleratuak izan behar dutelako".

Bozkatu egin zuten mozioa ondoren, eta aurrera atera zen 10 aldeko bozka eta aurkako 3rekin.

EH Bilduk ere prestatu zuen afera horren inguruko beste mozio bat. Aurreko legealdian akordio batera iritsi zen Aldundiarekin eskumen aldaketari dagokionez. Udalbatzarrak onartu egin zuen gero hitzarmen hori, baina legealdia amaitu zen eta akordioa ez zen sinatu. Legealdi berriko zinegotziek akordio hori “bere horretan, ezer aldatu gabe” sinatzea eskatu zuen koalizio abertzaleak.

Besteak beste, eskumen aldaketa hitzarmena 2015 urtearen bukaeran sinatuko zela dio akordio horrek. EAJk abstentzioaren alde egin zuen, epe horretan akordioa sinatzeko denborarik ez duelako emango, orain Diputazioan daudenen borondatea “egutegi eta plangintza zehatzak” diseinatzea delako, 2016ra begira. Lasarte-Oriako EAJk horren alde egingo duela ere zehaztu zuen.

Mozioa ez zen aurrera atera, 4 izan baitziren aldeko bozkak eta 10 aurkakoak. “Harridura” adierazi zuen Gorka Lizarraga EH Bilduko bozeramaileak mozioa onartua ez izateagatik: “Negoziatzen hasten bagara, orain lortuko genituzkeen baldintzak 2014ko azaroan adostu genituenak baino okerragoak lirateke”.

Atsobakarreko egoitzaren gaiarekin lotuta, gai zerrendako hirugarren puntuan Erregelamendu Orokorra onartu zuten udalbatzarreko 17 kideek aho batez.

Gardentasuna

TIE Transparencia Internacional España erakundeak Lasarte-Oriako Udalaren webgunea aztertu zuen, ikusteko ea zenbateraino zen gardena. 80 indikadoreko zerrenda erabili zuen auditoria egiteko, eta 13 besterik ez zituen eskuratu web orrialdeak. Emaitza horietan oinarrituta 56 mozioko zerrenda bat eraman zuen pleno aretora PPko zinegotzi Alejandro Saenzek. “Gardentasun eraginkorra” bilatze aldera eta “udaletxe moderno batek” zaindu behar dituen hainbat aspektu proposatze aldera prestatu zuen zerrenda hori Saenzek.

Proposamen bilduma horretan oinarrituta mozio alternatiboa prestatu zuen PSE-EEk. Lourdes Acevedo zinegotziak azaldu moduan, mozioko lehenengo puntuan bildu zituzten 56 proposamen horiek: “Lasarte-Oriako Udalak auditorian gainditu ez dituen puntu guztiak landuko dituela nabarmendu dugu, eta PPk egin duena hori bera izan da, gainditu gabeko puntuak hartu eta bakoitzeko mozio bat prestatu”.

PPren bozeramaileak ez zuen ongi hartu bere mozioak eztabaidatzeko aukerarik ez edukitzea, eta salatu zuen “apropos” egin zuela hori alderdi sozialistak, “oposiziotik etorritako proposamenak” estaltzeko asmoz.

Jesus Zaballos alkateak hitza hartu eta azpimarratu zuen aurreko legealdian alderdi sozialistak prestatutako hainbat mozio ere ez zirela onartuak izan, “jokoaren arauak” horiek direlako eta alderdiek hori onartu egin behar dutela.

Bozketa egin eta onartua izan zen PSE-EEren mozioa, alderdi sozialistako kideen aldeko zazpi bozkekin.

Beste hainbat gai

Arestian esan bezala, mamitsua izan zen atzo arratsaldeko udalbatzarra. Askotariko gaiak izan zituzten hizpide alderdi politikoek. Esaterako, Jesus Zaballos alkatea FEMPeko batzorde exekutiboko kide izendatua izanari buruzkoa, EH Bilduk aurkeztutakoa. Zaballosek berak horren inguruko azalpenak eman zituen, eta adierazi zuen ez zekiela EH Bildu berak eta EAJk aurreko legealdian erabaki zutela organu horretan baja ematea, eta akatsa ez dela berea, FEMPena baizik, bilera horretara joateko gonbita egiteagatik. Onartua izan zen mozioa.

Bestalde, urri hasieran Pello Gibelalde ADEGIko lehendakariak Euskal Herriko gazteei buruz esandakoen inguruko mozioa prestatu zuen EH Bilduk. Adierazpen “bidegabe eta iraingarriak” izan zirela nabarmendu zuen koalizio abertzaleak, eta besteak beste udalbatzarrari eskatu zion adierazpen horiek arbuiatzeko eta gazteei “esker ona” adierazteko, egungo gizartean egiten duten ekarpenagatik. Onartua izan zen mozio hori ere.

Taxien 2016ko tarifak ere onartu zituen Udalbatzarrak, EAJk jakinarazi zuen Estitxu Alkorta izango dela ordezkoa Euskara Batzordean, Kreditu aldaketen dossierra onartu zen eta iraileko udalbatzarreko akta ere bai.

Azkenik, galdera eta erreguen txandan herritarren parte-hartzea eta Askatasunaren plazako argiei buruzko bi galdera plazaratu zituen EH Bilduk. Zaballos alkateak erantzun zuen “oso presente” dutela parte hartzearen gaia eta landuko dutela, eta argien kontuari dagokionez hitz egin dutela udaltzainekin, plaza argi gabe geratzean argiketariari deitzeko zuzenean. Herritarrek ere izan zuten euren kezkak azaltzeko parada. Trinketearen egoerari buruz galdetu zuen batek, ea lanik egingo ote den istripurik gerta ez dadin, eta ea bidegorriko ibilbidean zehar seinaleak jarriko ote diren. Udal ordezkariek jaso zituzten eskaera horiek eta erantzuna emateko konpromisoa hartu zuten.