Hiru norgehiagoka, beste hainbeste garaipen. Borobila izan da asteburua Beltzak errugbi taldeentzat. Euskal Ligako 2. mailako taldeak eta 16 zein 18 urte azpikoek jokatu dute, Igorren eta Logroñon hurrenez hurren. Ohorezko B mailako taldeak berriz, atseden hartzeko baliatu du asteburua, ez baitute jardunaldirik eduki.
ZRT Beltzak taldeak ezin hobeto ekin dio Euskal Ligako 2. mailari, bi norgehiagokatik bi irabazi baititu. Igorrera (Bizkaia) joan ziren larunbatean, Arratiko Zekorrak taldearen aurka indarrak neurtzera. Lehiatua izan zen neurketa, borrokatua; gogotik izerditu zuten Beltzak taldekoek garaipena erdiesteko. 10-24 gailendu ziren azkenean, 4 entsegu eginez. Beñat Arroyo herritarrak egin zuen horietako bat. Ander eta Xabier Rekondo, Julen Aristorena, Oihan Corchero eta David Vega lasarteoriatarrek ere jokatu zuten larunbatean Arroyoz gain.
Ohi moduan, bi taldeko jokalari eta entrenatzaileak hirugarren denbora egiteko elkartu ziren partiduaren amaieran, eta indarrak berreskuratzeaz gain Errugbiko Munduko txapelketako Australia-Gales neurketa ikusi zuten.
16 eta 18 urtez azpikoak Logroñon
Errioxan izan ziren 16 eta 18 urtez azpiko bi taldeak asteburuan; Marzola RC taldearen aurka neurtu zituzten indarrak biek, Logroñon. 16 urtez azpikoek 0-55 irabazi zuten eta 0-52 18 urtez azpikoek.
Norgehiagoken ostean hirugarren denbora ospatzeko elkartu ziren bi taldeak eta Beltzak-eko kideek etxeko taldekoek egindako harrera ona nabarmendu dute.
Asteburu honetan Plentziara (Bizkaia) joango da Ohorezko B mailako taldea, Uribealdearen aurka jokatzera. Michelinen ere edukiko dute herritarrek errugbiaz gozatzeko aukera, 14 urtez azpikoek 'Rugby Seven' modalitateko txapelketa bat jokatuko dute (talde bakoitzeko 7 jokalari ariko dira zelaian, 15 beharrean) eta Euskal Ligako 2. mailako seniorrek Kanpazar Arrasate taldea hartuko dute.