Euskal Jaiaren aurrekari arrakastatsua

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 12a, 23:05
Aurten Euskal Jaia berezia izango da. Euskaltzaleen Topagunearen Topa Egunarekin bat egingo du festak larunbatean. Aurretik, hainbat ekintza antolatu dira, horietako bat izan da gaur iluntzean Abenden gozatu ahal izan dena. Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren antzezlanak ez du hutsik egin.

Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren 'Koka-Kola eta barea' antzezlanaz gozatu ahal izan da iluntzean Abend kafe antzokian.

Ray eta Niken arabera, beraiek izan ziren Xabier Leteri bizarra uzteko esan ziotenak, Benitori ahotsa lakartzeko… Gerora mitiko bihurtu den abesti bat eurek asmatua dela aldarrikatzen dute ere. Munduan bueltaka ibili ondoren, euskal kantagintzaren historian euren meritua aitortua izan dadin nahi dute eta horretarako Euskal Kantagintzaren Benetako Historia kontatzera-kantatzera gerturatu dira Lasarte-Oriara. Ez hori bakarrik. Ez Dok Amairu berpiztera ere bai. Liburu bat ere idatzi dute: “Urrutiko Intxaurrak”, euren memoriak.

Jende asko gerturatu da Euskal Jaiaren inguruan antolatutako bigarren ekintza honetara. Lehenengoa, Jakoba Errekondoren hitzaldia izan zen aurreko asteazkenean eta asteazken honetan berriz, euskaltzaletasunaren inguruan gogoeta egiteko, mahai ingurua izango da 18:30ean Villa Mirentxun. 'Berrikasi eta berrikusi' dokumentua oinarri hartuta, euskalgintzaren azken 50 urteetan egindako bideaz zein erronka berriez hitz egingo dute Jasone Mendizabal eta Iñaki Martinez de Luna Topalabeko kideek eta Pablo Suberbiola herritarra eta Soziolinguistika Klusterreko kideak. Gidari izango dute Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria.

Ekintza sorta honekin bukatuta, larunbatean izango da egun handia.