Andaluziar doinuak nagusi Atsobakarren

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 11a, 16:16
Zubi honetan andaluziar kultura da nagusi Atsobakar auzoko Golf plazan. Semblante Andaluzen Aste Kulturaleko ekintzak bertan burutzen ari dira eta bihar artean oraindik asko izango dira bertan egingo diren ekintzak.

Ekintza egitarauari astelehenean hasiera eman zitzaiona arren, nagusiki zubian pilatu dituzte Semblantekoek ekintzak.

Golf plazan jarritako oholtza izan da artista eta talde ezberdinentzat agerleku. Ikusleek plazan jarritako taberna zein postuan Andaluziako jaki eta edariak dastatu zein erosi ahal izan dituzte. Ostiralean Amigos del Sur herriko taldeak dantzan jarri zituen bertaratutakoak, jarraian afaria egin zuten elkartean bertan. Larunbatean, bote jokoa, pintxo-potea eta dantzak izan ziren. Zambra taldea zein Genaro ‘El Ruiseñor de la Mancha’ eta ‘Manolo de Badajoz’-en doinuez gozatu ahal izan zuten.

Gaurkoan, dantzarekin hasi da eguna, Semblanteko dantzari gazteenek osatzen duten Gitanillas del Alba eta Duende flamenco-k erakustaldia egin dute. Hauen atzetik Genaro ‘El ruiseñor de la Mancha’ eta ‘Manolo de Badajoz’-en emanaldia espero zen baina familia arazo bat medio, ezin izan dute bertan egon.

Arratsaldean, haurrentzako joko eta txokolatada egingo da eta ‘Semblante Rociero’ koruaren emanaldia izango da 19:30ean. Astelehenean ere, 13:00etatik izango dira emanaldi ezberdinak. Elkarteko kideek herritarrak animatzen dituzte euren festan parte hartzera.

Argazki eta bideo bildumak.