Eskualdeko herrien artean bidezidor eta bide ezberdinak daude aukeran, bost ibilbide zehazki, landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz.
Hauen ezagutza sustatzeko, dagoeneko zortzi edizio dira Ibilbideen Eguna antolatzen dela. Eskualdeko herriak lotzen dituzten bideak egoki markatuta daudela eta, bakoitzak kolore bat du, herritarrak hauek ezagutzera deitu dituzte udalek.
Aurten berrikuntza modura, Andoain-Lasarte-Oria bidean lotura berri bat markatu da. San Rokeko ermitatik, Buruntzako gailurrera eta Lasarte-Oriaraino doana. Ostadar SKT Mendi saileko kideen gomendioa izan da hau.
Ibilbideen egunean parte hartzen ari direnek herriko kontrol gunetik hasi dute ibilbidea. Bertan argibideak, hamaiketakorako fruta eta txartela hartu dute. Txartel honetan abiatzen den herriko zigilua jarri eta ondoren, ibilbidean zehar topatzen dituzten kontroletan zigilua jarri behar da oparia eskuratzeko.
9:00etan zabaldu dira kontrol guneak eta jende pilaketa egon ez arren, etengabeko jarioa da bertan dagoena. San Pedro eliza ondotik ikusi ditugu lehenengo orduan Urnietatik abiatu eta gurera iritsi diren parte hartzaileak zein, hitzordua beranduago jarri eta martxa guretik abiatu dutenak. Batzuk Usurbil aldera eta beste batzuk Andoain eta Urnietara iristeko asmoz.
Adin guztietako jendea dabil, familiak zein heldu kuadrillak. Nordic Walking-eko talde handi bat ere animatu da parte hartzera. Jendeak aipatu moduan, iganderako plan polita da nahiz eta euri pixkat egin, “bide erosoak dira eta ohiko paseoa egin beharrean ekimenak aitzakia ematen du hau luzatu eta ondoko herrietara bisita egiteko”. Gainera, nekatu ezkero, autobus zerbitzua egotea zeinen lagungarria den aipatzen zuen Urnietako talde batek.
Izan ere, partaideek doako autobus zerbitzua dute. Autobusak Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta ibilbidea egingo du 12:00etatik aurrera. Azken autobusa 14:00etan aterako da Aginagatik eta 14:40ean iritsiko da Urnietara.