Herriko futbol zaleek etxean izan zuten aukera Ostadarreko jubenilak zein ohorezko erregionalen partidez gozatzeko. Goizean gazteenen txanda izan zen, hauek ez zuten nahikoa maila erakutsi. Partida kaxkarra izan zen eta jokoan egindako akatsak garesti ordaindu zituzten. Azkenean, 0-2ko emaitzarekin, laugarren jardunaldian 4 puntu ditu eskuratuta taldeak.
Bestelakoa izan zen arratsaldeko ohorezko erregionalen partida. Norgehiagoka ondo hasi zuten etxekoek, aukera garbi bat ere izan zuten baina atezainak geratu zuen. Jokaldi honen ostean, bi taldeen arteko jokoa orekatu egin zen eta pixkanaka Ordiziak etxekoei aurre hartzen joan zen, horrela iritsi zen euren lehenengo gola 20. minutuan, jokaldi oso ona eginda, erdiraketa egin ostean, buruz sartuta.
Ostadarreko mutilek berehala erreakzionatu eta Britek 1-1eko berdinketa jarri zuen markagailuan Maneroren erdiraketa baliatuz 25. minutuan.
Bigarren zatia hobeto hasi zuten etxekoek eta 2-1ekoa sartu zuen Javik buruz beste behin, Maneroren erdiraketa baliatuz 50.minutuan. 3-1ekoa berehala iritsi zen, Arrutiren esku. Partida irabazita zegoela zirudienean, herrikoek huts bat egin eta Ordiziak bigarren gola sartu zuen 60. minutuan. Azkeneko minutuetan kontraerasoren bat izan arren, baita Ordiziak aukera garbiren bat, markagailua ez zen mugitu.