Elkarbizitzaren inguruan gogoeta egiten jarraitzen dute Ganbo Iturri elkarteko kideek. Gaurko saioan, Baketikeko Iker Uson, Tolosako elkarbizitza taldeko Joxe Agustin Arrieta eta Etikarteko Patxi Meabe aritu dira hizlari. Jexux Artetxe arduratu da jardunaldiaren aurkezpenaz.
Honetan gai ezberdinak jorratzeaz gain, elkarbizitzaren inguruan lanean dabiltzan beste erakunde edota egitasmoetako esperientziak ezagutu nahi izan dituzte. Hizlariek besteak beste, indarkeriak auzo eta herrietan utzi dituen ondorioei buruz aritu dira baita herritarrek elkarbizitzaren berreraikuntzan izan behar duten esku-hartzeaz ere.
Agenda politikoaren gora-beherak aparte, toki ezberdinetan bakeaz eta elkarbizitzaz egin diren saioak ezagutu dituzte. Hauetan, herritarrek bizikidetzaren eraikuntza horretan esku-hartzeko azaldu dituzten oztopoak edota saio hauek izan duten harrera ezagutzeko aukera izan dute.