Ikasturte berriari indarrez ekiteko, Ttakunek Solaskide programan parte hartzen duten kideekin afaria egin zuen bart. Honetan euskaldun egitasmoan parte hartzen duten euskaldun berri eta zaharretako batzuk izan ziren. Herrian guztira 100 bat lagun inguru dira euskaraz hitz egiteko elkartzen direnak talde ezberdientan. Irailean zabaldu zen honetan izena emateko epea baina aukera ikasturte osoan zehar dagoela azpimarratu nahi dute sustatzaileek.
Solaskide izateko hainbat irizpide finkatu dira. Horrela izanda, euskaltegietan 4. eta 5. mailetan hau da, euskaraz harremantzeko gai direnek edo maila altuagoa duten ikasleek parte hartu dezakete ekimen honetan. Baina euskaraz hitz egin eta euskaltegietan ez dagoen jendea ere ongi-etorria da. Izan ere, bada jendea bere euskara maila hobetzeko beharra duena eta aukerarik ez duena inguruan euskaldunik ez daukalako adibidez. Honetaz gain, urteroko deia egiten zaie euskaldun zaharrei. Euskaldun berriei bideak zabaltzeko prest dauden bidelagunak behar dira.
Azalpenak edo informazio gehiago eskuratzeko, solaskide programako koordinatzailearekin harremanetan jar daiteke Ttakun elkartera hurbilduz, solaskide@ttakun.com helbidean edo 943 371 448 zenbakira deituz. www.mintzalaguna.eus helbidean ere aurki daitezke Euskal Herrian zabaltzen den egitasmoaren inguruko zehaztasunak.