Bisitan zehar Kirol Departamentuko diputatuak Zaballosen, Txus Alonso kirol zinegotziaren eta Karlos Altuna Kirol Zerbitzuko arduradunaren azalpenak adi jarraitu ditu.
Amaitzean, Karlos Altunak herritarrek egindako ekarpenen dokumentu bat eta udal teknikariek prestatutako txostena eman dizkio Itxasori.
Proiektu berria elkarlanean
Jesus Zaballos alkateak azaldu duenez, "Udal gobernuak kiroldegiaren egoera ikusita, erabaki bat hartu nahi du eta Foru Aldundiaren laguntzarekin, proiektu berri batean lanean hasi nahi du. Horretarako 2016 urteko aurrekontuetan kiroldegi berri hori disenatzeko partida bat aurreikusten dugu".
Denis Itxasok azpimarratu duenez, "nahiz eta Udalak modu egokienean mantendu, posible da kiroldegi hau bere bizitzaren amaierara iritsi izana. Muga batzuk ditu eta beharra dago. Horregatik, elkarlanean proiektua disenatzean laguntza teknikoa emateaz gain, ekonomikoki hori gauzatzeko dauden aukerak aztertuko ditugu". Izan ere, Itxasoren hitzetan, 2017-2019 urte artean, kirol ekipamenduak berritzeko laguntzak martxan jartzeko asmoa baitu Foru Aldundiak.
Gainera, proiektua egitean eskualdean dauden beharrak ere kontuan izango direla jakitera eman dute. "Lasarte-Oriako kiroldegiak eskualdeko herritar gehien hartzen dituen kiroldegia baita," azaldu du Zaballos alkateak.