Urriaren 25eko goizeko 10:30ean aterako dira lasterkariak -bi minutu lehenago gurpildun aulkietakoak- Frutas Ruiz denda paretik. Aurretik, agurra dantzatuko zaie korrikalariei azken urteetako usadioari jarraiki. 10 kilometro eta erdiko ibilbidea burutu beharko dute, Laubide izenez ezagutzen den bidegurutzeko helmugara ailegatu aurretik.
Egun handi horretan parte hartzeko izena eman behar izaten da aurretik. Zeregin horri lotutakoa da aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat: Ostadarren Geltoki kaleko lokalera joan beharrean, Manuel Lekuonako kafetegian (1go solairukoan) eman beharko dute izena lasterkariek. Urriaren 13tik aurrera egin beharko dute, 17:00etatik 20:00etara astegunetan eta 11:00etatik 13:00era larunbatean (urriaren 17an, alegia).
Antolatzaileek zehaztu dutenez, "jende-pilaketak saiheste aldera" erabaki dute izen-ematea lekuz aldatzea: "Erosoagoa izango da prozesua; zerbitzu hobea emango dugu". Bestalde, www.ostadarskt.eus zein www.sailkapenak.com web orrialdeetan ere eskuratu daiteke dortsala. Ostadar SKTko bazkide direnek 8 euro ordaindu beharko dituzte; ez direnek berriz, 12. Dortsalik geratuko balitz, lasterketaren egunean bertan eman ahalko du izena jendeak, 20 euro ordainduta.
Bat zenbakia
"Salbuespena" egin du aurten Ostadarrek bat zenbakidun dortsala banatzerakoan. DYAko laguntzaileek eramango dute aurten: "20 urte egin dituzte gurekin batera DYAko kideek. Urte borobila da aurtengoa, eta aitortza publiko hau euren laguntza eskertzeko modu egokia dela uste dugu. Era berean, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko gonbita ere bada", zehaztu dute antolatzaileek.
Aurkezpenarekin amaitu aurretik, lasterketa antolatzen eta krosaren egunean laguntzen ariko diren guztiei eskerrak eman dizkie Ostadarrek, eta babesleen ekarpena ere aipatu dute: "Bereziki Etxezarreta harategia, Avenida taberna eta Frutas Ruiz fruta denda izan nahi ditugu gogoan, komertzio lokalak izan arren enpresa handiak bezala portatzen direlako". Era berean, Lasarte-Oriako Udalaren laguntza ere nabarmendu dute.
Materiala lasterketa bezperan
Lasterketan aritzeko beharrezkoa den materialaren bila "krosaren bezperan" joateko gomendatu du Ostadar SKTk: "Era horretan lasaiago ibiliko dira korrikalariak lasterketaren egunean, eta igandeko ilarak saihestuko ditugu guk". Michelingo frontoira joan beharko da dortsalen eta kamiseta teknikoen bila. Bezperan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era edukiko du aukera jendeak, eta 9:00etatik 10:00ak arte urriaren 25ean.
Agiriren bat eraman beharko dute eurekin lasterkariek, materialaren bila joaten direnean. NAN, EHNA edo bestelakoren bat internet bidez izena eman dutenek eta kultur etxeko kafetegian apuntatu direnek bertan jasoko duten agiri bat.
Aurreko urtean denbora neurtzeko txipa dortsalean integratu zuten lehenengoz, eta aurten formula bera erabiliko dutela aurreratu dute antolatzaileek: "Erosoagoa da fidantzarik hartu behar ez delako, azpiegitura aldetik errazagoa da eta iaz apenas egon zen akatsik".
Korrika Festa
Gaztetxoen krosak 15 urte beteko ditu aurten. 12:15 inguruan hasiko da, nagusien lasterketa eta sari-banaketa ekitaldia amaitzearekin batera. 100, 150, 400, 800 eta 1.200 metroko ibilbideak burutu beharko dituzte adinaren arabera. Ostadarrek azpimarratu du parte hartu nahi duten guztiek edukiko dutela lasterka egiteko aukera aurten. Kultur etxeko kafetegian eman beharko dute izena eurek ere, 5 euroren truke. Kamiseta bat, domina bat, gailetak eta edateko jogurt bana jasoko dute.
Urriko Plaza Dantza saioa krosaren egun, leku eta ordu berean da egitekoa, eta elkarri itzalik ez egiteko arratsaldera pasa da dantza saioa. 18:00etan hasiko da Okendo plazan, urriaren 25ekoa "egun borobila" bilakatuz.