Koka-Kola eta barea ikuskizuna astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 6a, 17:00
Aurtengo Euskal Jaia ospatu aurretik, elkarlanean aritutako herriko elkarte eta eragileek beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Horietako bat da Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren antzezlana. Astelehenean Abenden izango da hauekin gozatzeko parada, 19:00etan. Dagoeneko txartelak eskuratu daitezke 5 eurotan Jalgi eta Abenden.

Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreak Xumelako kideen entseguan izan ziren antzezlana aurkezten astelehenean. Bertan Xumelakoek eurekin abestera ere animatu ziren izan ere, antzezlanaren ardatza Ez Dok Amairu musika mugimenduaren sorrera da. Ray eta Niken esanetan han zeuden, hasierako Ez Dok Amairu hartan, proposamenak egiten, aholkuak ematen, abestiak edo letrak ontzen, eta zergatik ez, afaria prestatzen.

Xabier Leteri bizarra uzteko esan zioten (hor hasi omen zen bere ibilbide arrakastatsua), Benitori ahotsa lakartzeko… Gerora mitiko bihurtu den abesti bat eurek asmatua dela aldarrikatzen dute, baina isilpean gordeko dute plajiatzailearen izena. Momentuz. Munduan bueltaka ibili ondoren euren meritua aitortua izan dadin besterik ez dute nahi eta Euskal Kantagintzaren Benetako Historia kontatzera-kantatzera datoz. Ez hori bakarrik. Ez Dok Amairu berpiztera ere bai. Lortuko ote dute? Liburu bat ere idatzi dute: “Urrutiko Intxaurrak”. Euren memoriak. Best seller hau salgai izango da zuzeneko emanaldietan eta Euskal Herriko liburu-dendarik onenetan.

10 urte

Bestalde Xumela koruak hamar urte beteko ditu eta hau ospatzeko hainbat ekintza berezi iragarri zituzten ikasturte berrirako. Aurten, Katalunia eta Galizia bisitatu ondoren, Nafarrora egingo dute bidaiatxoa eta besteak beste, Errigorako lagunekin elkartuko dira euren lana bertatik-bertara ezagutzeko.