Esnatu eta ohetik altxatzea zeregin askoz arinagoa da pertsiana artean eguzki printzak somatzen direnean. Eguraldi paregabea baliatuz, herriko hainbat adineko pertsona gerturatu dira Okendo plazara 9:30ean, Nagusien omenaldiaren baitako IV. Martxa erregulatuan parte hartzeko.
30 bikote inguru atera dira Okendo plazatik, kontrol-mahaiean eta ilaran zeuden kideen txalo artean. Bi pertsona denbora egoki hartzeaz arduratu dira, faktore erabakigarria izaten baita hori amaieran sariak ematerako orduan. Oraindik erdi lokartuta zeudenak esnatzen jardun du hizlariak, mikrofonoa eskuan; umore ona baliatuz bertaratutakoei lapurtu die irribarreren bat edo beste.
Ordu eta erdi inguru behar izan dute bikoteek ibilbidea burutzeko, Ostadar SKTko hainbat kideren begiradapean. Lan eskerga egin dute azken horiek ibiltariak kontrolpean mantendu eta gidatzeko.
Sari banaketa
Herrian zehar paseoan ibili ostean hasi dira iristen bikoteak Okendora, pixkanaka-pixkanaka. Helmugan ur freskoa, txorizo ogitartekoa eta Freixenet xanpain botila bat zituzten zain parte-hartzaile guztiek. Gustura jaso dituzte gauza horiek denak antolatzaileen eskuetatik.
Azken bikotea helmugaratzearekin batera, sari banaketari ekin diote. Lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak eman aurretik zozketa bat egin dute, eskuartean zituzten sari gehigarriak banatzeko. 16 kartazal banatu dituzte zozketa bidez; Aterpeako komertzio eta dendatan erabiltzeko bonoak zituzten barnean. Pozarren jaso dituzte gutunak sarituek.
Horren ostean iritsi da ekitaldiaren momentu gorena: hiru sari nagusien banaketa. Irabazleak erabakitzeko ibilbidea osatzeko behar izan duten denbora hartu dute kontuan antolatzaileek eta beharrezko kalkuluen ostean, hizlariari eman diote orria banan bana irabazleen izenak esan zitzan. 4 zenbakidun bikoteak irabazi du sari nagusia, Julia De Pablok eta Pedro Maria Minguezek osaturikoak. Jesus Zaballos alkatea eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako buruarekin atera du argazkia bikote irabazleak, euren bilobekin batera, parean zituzten kide guztien txalo artean.
Giro ederrean eman diote amaiera goizeko ekitaldiari, eta arratsaldeko seietan hasiko den dantza lehiaketari begira atseden hartzera joan dira euren etxeetara. Biyak Bat egoitzan astinduko dituzte gorputzak nagusiek arratsaldean.
Romeo eta Julieta kultur etxean
Atzo arratsaldean ere eman zuten paseotxoa nagusiek, baina kasu horretan Biyak Bat egoitzatik Manuel Lekuona kultur etxera joateko, Ezezagunok taldeak oholtzaratu zuen 'La verdadera historia de Romeo y Julieta' antzezlana zain baitzeukaten.
Zazpietan hasi zen emanaldia, eta hainbat herritar gerturatu ziren kultur etxera. Romeo eta Julietaren istorioa tristea da izatez, baina Ezezagunok taldekoek gidoiari buelta bat eman eta malkoak irribarre bilakatu zituzten. Aipatu behar da antzezleen artean Jon Roncero herritarra egon zela. 50 minutuz algaraka eta gustura egon ziren ikusleak, eta txalo zaparrada ozen batekin saritu zuten amaieran antzezleen lan bikaina.