Herriko batzokiaren 25. urteurrena ospatu du EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 3a

Mende laurdena bete du EAJren Lasarte-Oriako batzokiak, eta ekitaldi xumea egin dute alderdiko kide, buruzagi eta militanteek. Kalisto Maritxalar eta Joxe Ramon Gerrikagoitia herritarrek oroigarriak jaso dituzte alderdiko militante historiko izateagatik.

Eguraldia lagun, EAJ alderdiko kide, buruzagi eta militanteak Pablo Mutiozabal kalean bildu dira Lasarte-Oriako batzokiaren 25. urteurrena ospatzeko. Ikurrinaren altxatze ekitaldi sinbolikoarekin hasi dute ospakizuna. Ostean, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak hitzaldia eman du eta herriko bi militante historikok, Kalisto Maritxalarrek eta Joxe Ramon Gerrikagoitiak oroigarria jaso dute euren ibilbideagatik. Amaieran, mahaiaren bueltan bildu dira ekitaldira bertaratutakoak, mokadutxo bat jan eta sagardo trago bat edan bitartean berriketan aritzeko. 

Ospakizunera gerturatzeagatik eskerrak eman ostean, herriko alderdi jeltzaleko kide Juan Mari Alkortak hartu du hitza. Batzokiaren presentziaren errepaso historikoa egin ostean, zenduta dauden zenbait militante ekarri ditu gogora Alkortak, Juan Mari Olasagasti, Iñaki Iurramendi, Virtudes Izagirre, Juan Mari Larruskain eta Benito Kortabarria hain zuzen. "Haiei esker ere gara gaur egun garena, horregatik oroitu nahi ditugu gaurko egunean. Hori jakin dezaten nahi dugu, dauden tokian daudela", adierazi du Alkortak, hunkituta. "Katea ez da eten, konpromisoa dugu aurrera jarraitzeko. Eskerrik asko denoi, bihotz-bihotzez". Txalo artean amaitu du aurkezpen hitzalditxoa Alkortak.

Joseba Egibarren hitzaldia

Juan Mari Alkortaren hitzen ondotik, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrek hartu du hitza. Batzoki berriaren sorrerako garaiak ekarri ditu gogora Egibarrek, eta lehenagokoak ere bai: "Gogoratzen dut Juan Mari (Alkorta) alderdiaren zatiketaren ostean zerrendaburu izan zen garaia, garai zaila, abertzaletasunari min asko egin ziona, edo behintzat kontzeptu hori modu jakin batean ikusten dugunoi". 25. urteurrenaren ildotik jarraitu du GBBko lehendakariak, eta zenbaki hori erabili du alderdi jeltzaleak denbora horretan guztian egiten ari denari buruz aritzeko. "Epe honetan guztian proiektu jakin batean lanean jarduteak bi ondoriotara eraman gaitu; batetik, garaitu dugula jada zatiketaren garaia, hauteskundeetako azken emaitzek adierazten dutenez eta, bestetik, guri dagokigunez Gipuzkoan, ETAren ondorengo garaia bideratzen jakin dugula", aipatu du Egibarrek.

Alderdikide eta bozka-emaile guztientzat hitzak ere izan ditu Egibarrek, eta nabarmendu du haiei guztiei esker egin dutela orain arteko bidea. "Posible zen aldaketa Gipuzkoan, eta oso denbora gutxian lortu dugu. Izugarrizko ardura dugu orain, lehenengo indar garen herrietan zein oposizioan gaudenetan ongi lan egitekoarena. Horrek izan behar du gure helburua, egunero-egunero egiten baita aberrigintza".

GBBko lehendakariak hitzaldia eman bitartean, pailazo-ileorde eta zapiz mozorrotutako pertsona batzuk agertu dira ekitaldira pankarta bat eskuan eta orri batzuk banatzen hasi dira, EAJk errauste planta eta Kutxabank-en inguruan duen jokamoldea deitoratuz eta gazteak "lan bila kanpora bidaltzeaz" salatuz. Bertan egon dira denbora batez orriak banatzen eta pankarta erakusten, eta aurrera jarraitu du ekitaldiak ondoren.

Herriko militanteei omenaldia

Joseba Egibarrek hitzaldia amaitzearekin batera Kalisto Maritxalar eta Joxe Ramon Gerrikagoitiaren izenak aipatu ditu. Herriko bi militante historiko dira aipatutako horiek, eta omenaldia jaso dute haiek ere gaurkoan, Egibarren beraren eta Juan Mari Alkortaren eskutik. Haien eserlekuetatik altxa eta oroigarria jaso dute, hunkituta. Ekitaldira bertaratutakoek txalo-zaparrada ozena eskaini diete Maritxalarri eta Gerrikagoitiari.

Ospakizunak amaitutakoan, mahai baten bueltan bildu dira bertaratutakoak, mota askotako pintxoak dastatu eta sagardo tragotxo bat edanez berriketan aritzeko. Horrela amaitu ditu Lasarte-Oriako EAJk batzokiaren 25. urteurrenaren ospakizunak.