Astebeteko ospakizunak aurretik

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 1a, 20:44
Biyak Bat nagusien egoitzaren sarreran bandera jartzearekin hasi dituzte herriko nagusiek astebeteko ospakizunak. Ekintzaz betetako egitaraua prestatu dute urtero moduan. Hasi da 2015eko Nagusien Omenaldia.

Biyak Bat ondotik pasatzen den orok antzemango du zerbait ospatzen ari direla bertako kideak, apaingarri koloretsu ugari jarri baitituzte teilatu alboan, egoitzari beste ukitu bat emanez. Ez da gutxiagorako: Hasi da 2015eko Nagusien omenaldia. Ohikoa den moduan, bandera jarri dute sarreran, eta Amalur trikiti eta pandero eskolako dantzariek aurreskua dantzatu dute Jon Lasa irakasleak txistua jo bitartean. Hainbat herritar gerturatu dira ekitaldira eta txalo zaparrada batekin agurtu dituzte Amalurreko kideak.

Jokoak Isla plazan

Banderaren ekitaldiaren ostean Isla Plazara joan dira adinekoak toka, igela eta bote txapelketetan parte hartzera. 18:00ak bitartean aritu dira bitartean, eta oraindik jokoan aritzeko gogoa zutenek primeran pasa dute bingoan, Biyak Baten egoitzan bertan.

Arratsaldeko ekitaldietako irudiak argazki galeria honetan ikusi daitezke.