ITA gardentasun ikuskaritzaren emaitzak plazaratu ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2015eko urriaren 1a

Transparencia Internacional España erakundeak Lasarte-Oriako Udaleko web orrialdea aztertu eta gardentasun ikuskaritza egin du, udaletxeak berak eskatuta. 80 adierazlez osatutako zerrenda baten arabera ikuskatu du Udalaren web orrialdea; 13 puntu eman dizkio. Emaitza “kaxkarrak” direla onartu du Jesus Zaballos alkateak, eta zehaztu du ikuskaritza hartuko dutela oinarritzat puntuazio hori hobetzeko: “Legealdi hau amaitzean ikuskaritza hau gainditzeko moduan egotea espero dugu”.

Bi urtean behin nazio mailako 110 udaletxe ikuskatzen ditu TIE erakundeak, doan; probintzietako hiriburuak eta biztanle gehien dituzten hirienak. 2014ko martxokoa da azken azterketa. Horrez gain, aztertuak izan nahi duten udalerriek euren kabuz egin dezakete eskaera, eta horixe bera egin du Lasarte-Oriak aurten. Jaso ditu jada emaitzak, eta agerraldia egin dute gaur goizean alkateak berak eta Lourdes Acevedo Gardentasun saileko buruak udaletxe berrian, emaitzei eta etorkizunean eman beharreko urratsei buruz hitz egiteko.

“Lasarte-Oriak ez du gainditu ITA ikuskaritza, garbi gainera”, esan du alkateak. 80 puntu lor zitzakeen gehienez Udalak; 13 eskuratu ditu. “Emaitzei so eginda, lan asko egin behar dugu alor horretan. Irmoa da gure konpromisoa gardentasunari dagokionean, kargu-hartze ekitaldian zehaztu moduan, eta emaitzak hobetzeko lan egingo dugu”, iragarri du Zaballosek.

Etorkizuneko lanketa

TIEren ikuskaritzaren emaitzak jaso ostean lanean hasteko ordua dela nabarmendu du alkateak, eta azaldu du badituztela zenbait ideia eta asmo “pixkanaka hobetzen” hasteko. Esaterako, udal taldeari buruzko atal berezitu bat sortu nahi dutela aurreratu du: “Azaldu nahi dugu gu zeintzuk garen, gure kurrikulumaren berri eman, helbide elektronikoak eta telefonoak jarri, gure errenten eta ondasunen aitorpenak plazaratu, gure soldata ere bai”.

“Udaletxera etortzen den herritar orok informazioa eskatu eta jaso dezake, legeak hori bermatzen baitu. Gure erronka da lasarteoriatarrek datu horiek denak eskuratzeko aukera izatea, hona etorri gabe”, nabarmendu du Zaballosek. Aipatutakoaz gain, Udalak ematen dituen diru-laguntzei buruzko xehetasun guztiak eskegitzeko asmoa dutela azaldu du alkateak, eta baita dekretu zein kontratazioei buruzkoak ere. Era berean, jakinarazi du Gipuzkoako Diputazioaren baitako IZFE Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearekin bildu direla jada, webgunea moldatzeko.

“Udalaren ate eta leihoak zabaldu behar dizkiegu herritarrei, gardenak izan, guri buruzko informazioa etxetik bertatik eskuratzeko aukera eduki dezaten”, zehaztu du Lourdes Acevedok. “Orain arte egin ez den moduan, udaletxean egunero egiten dugunaren berri eman nahi dugu web orrialdean, lasarteoritarrek horren berri izan dezaten”.

“Emaitzak hobetu”

TIE erakundeak bi urtean behin burutzen du udaletxeen web orrialdeen azterketa. Azkena 2014ko martxoan egin zuenez, 2016an egingo du hurrengoa, eta 2018an legealdi honen barruan sartuko litzatekeen azkena. “Legealdi amaieran 80 puntu horietatik gutxienez 40 ateratzea da gure helburua, gardentasunaren alorrean lan eginez eta pixkanaka hobetuz”, esan du Zaballos alkateak.

Zerrendako 80 adierazleak aztertu ondotik, 0tik 100era bitarteko puntuazioa ematen die TIEk udaletxeei. Lasarte-Oriak 16,25 puntu lortu ditu denera; sailkapeneko azkeneko postuetan legoke. Hego Euskal Herriko lau hiriburuak berriz, goikoan: 100 puntu erdietsi dituzte Gasteizek eta Bilbok, 98,8 Donostiak eta 90 Iruñeak.

ITA ikuskaritza

Arestian aipatu moduan, Transparencia Internacional España erakundeak bi urtean behin burutzen du ITA ikuskaritza delakoa, nazio mailako hainbat udaletxeren gardentasun maila neurtzeko helburuz. 80 adierazlez osatutako zerrenda bat erabiltzen du horretarako. TIE ez da udaletxeetara bertara joaten, euren web orrialdeak aztertzen ditu eta emaitzak atera ondoren. “Ikuskaritza hauek ez dira egiten udaletxeetako kide eta agintarien ustelkeria-maila edo jarrera neurtzeko, instituzioen gardentasuna ebaluatzera mugatzen gara”, azaltzen du erakundeak bere web orrialdean. Era berean, zehazten dute “guztiz doakoak” direla ikuskaritza horiek, eta ez dutela onartzen inoren diru-laguntza edo antzekorik.

2014ko martxoan 110 udaletxeren webguneak aztertu zituen TIEk, probintzietako hiriburuenak eta biztanle gehien dituzten hirienak. Ikuskaritza hori irekia da ordea, eta aztertua izan nahi duen edozein udalerrik jo dezake erakundearengana. Hortaz, 110 horiez gain beste 4 ere ikuskatu ditu TIEk, Lasarte-Oria tartean.

80 adierazle horiek sei azpitaldetan banatzen ditu Transparencia Internacional Españak: Udal taldeari buruzko informazioa, gizartearekin eta herritarrekin harremana, gardentasun ekonomikoa, kontratazioetan gardentasuna, Hirigintzan gardentasuna eta Gardentasun Legearen adierazleak. Zaballos alkateak jakinarazi duenez, Udalak kontratazioen gardentasuna atala gainditu du soilik, 4 puntutik 2 eskuratuta.