Saio bakarra izango du asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Larunbatean Elgoibarko Herriko Antzokian jokatuko da laugarren final zortzirena, 17:30etan hasita. Manu Goiogana, Unai Muñoa, Oihana Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Iban Urdangarin eta Manex Mujika izango dira oholtzara igoko diren bertsolariak. Horiekin batera, Asier Iriondo izango da aurkezle lanetan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final zortzireneko saioa da Elgoibarren jokatuko dena eta bertan irabazten duen bertsolariak final laurdenetarako zuzeneko sailkatzea lortuko du.
Fase honetako saio guztietan bezala, bertsolariek honako lana egin beharko dute:
- Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso.
- Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
- Kartzelako lana: Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Gaztetxoen sarrera 4 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 6 euroan, eta gainerakoena 9 euroan. Saioetako egunenan sarrerak aretoetako leihatilan 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai.