Irakurle Txokoa urriaren 20an hasiko da

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 30a

Duela bi urte jarri zen martxan Irakurle Txokoa herrian eta aurtengo ikasturtean ere izango da literaturaz gozatzeko aukera. Hileroko hitzorduak irekiak dira eta aurrez erabakitako liburuaren inguruan solasaldia egiten da. Saio guztietan dinamizatzaile baten laguntza izaten dute parte hartzaileek.

Urriaren 20an abiatuko da Irakurle Txokoaren ikasturte berria. Maiatza bitartean hainbat irakurketa eta idazlearekin solasaldietan parte hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek.Manuel Lekuonan izango dira saio guztiak 18:30ean.

Lasarte-Oriako irakurle txokoak baditu ezaugarri berezi batzuk taldeko sustatzaileek adierazten duten modura, “euskarazko literatura irakurtzen dugu, euskaraz sortu dena edota beste hizkuntza batzuetatik euskarara itzuliak direnak. Literaturaz gozatzearekin batera, euskara eta euskal kultura indartzea eta euskararentzako arnas gune berri bat sortzea ere bazen gure helburua. Herritarron bilgune berri bat euskaraz jardungo duena, euskara erdigunean jarriko duena”.

Uxue Alberdi jardun da aurreko bi ikasturteetan Irakurle Txokoa gidatzen eta hala izango da ere aurten nahiz eta ikasturtearen azken zatian Danele Sarriugartek ordezkatuko duen.

“Euskal herria txikia denez, euskaraz idazten duten idazleak esku eskura ditugu eta horretaz ere baliatzen gara. Bi saiotik behin idazlea ekartzen dugu solasaldira”.

Aldi berean sustatzaileek animatzen dituzte herritarrak hitzordu hauetara gerturatzeko, “edonor etor daiteke, baita liburua irakurri ez duen herritarra ere. Urte guztian saio bakar batera etor badaiteke ere beti dira ongietorriak guztiak”.

Irakurgaiak

Ikasturte honetarako liburuak hautatu dituzte dagoeneko eta horrela hauek irakurtzen has daitezke herritarrak. Horrela izanda, urriaren 20ean Sofi Oksan-en “Garbiketa” lana aztertuko da, azaroaren 17an “Ni, Vera” Itxaso Martin idazlearekin, abenduaren 15ean Iolanda Zuñigaren “Post-it bizitzak” eta urtarrilaren 26an Marisol Bastidarekin Mikel Laboaren “Memoriak” lanaz hitz egiteko aukera izango da.

Otsailaren 16an Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron” lana aztertuko da eta martxoaren 22an Josu Martinez izango da “Tunelak, izarrak, mozorroak eta bafleak” lanaz hitz egiten. Apirilaren 19an Eduardo Galeanoren “Ispiluak” eta “Hitz ibiltariak” eta azken saioan, maiatzaren 17an, “Hauts haietatik” lanaren inguruan arituko dira parte hartzaileak Unai Villenarekin.