Kultur agenda anitza aurkeztu dute gaur Lasarte-Oriako Udaleko Kultur arloko arduradunek eta Jesus Zaballos alkateak. Egitaraua eskuetan hartuta, kolore bat nabarmentzen da: zinema saioak iragartzen dituen horia. 12 antolatu dituzte guztira urrirako: helduen zinea, haurrena eta zine forum delakoa biltzen dira bertan. Okendo Zinema Taldearekin elkarlanean egingo dute azken hori, bi saiotan: Amy Winehouse abeslari famatua zenaren bizitzari buruzko filma proiektatuko dute 9an eta ‘Lore’ pelikula 23an. Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan izango dira saioak. 5,50 euro balio dute sarrerek.
Haurrentzako zinemari dagokionean, urriaren 4an izango dute lehen hitzordua gaztetxoek, 17:00etan, kultur etxeko auditorioan. ‘Campanilla y la leyenda de la bestia’ ikusi ahalko dute. Handik astebetera, toki eta ordu berean, ‘Del reves’ filmaren txanda izango da. Hilaren 18an berriz, oso ospetsu bilakatu den ‘Minions’ pelikulaz gozatu ahalko dute haurrek, 3D formatuan gainera. Azkenik, 25ean ‘Atrapa la bandera’ eskainiko dute. 3,80 eurokoa izango da prezioa horietan guztietan.
Helduagoak direnek ere edukiko dute zer ikusi urrian zehar. Urriaren 4an ‘Anacleto: Agente secreto’, 19:30ean; ‘Mision imposible: Nacion’ urriaren 10ean eta 11n, 20:00etan eta 19:30ean hurrenez hurren; ‘Vacaciones’ 18an, 19:30ean eta azkenik ‘Ricki’ izenekoa 24an eta 25ean, 20:00etan eta 19:30ean. Saio guztietara sartzeko 5,50 euro ordaindu beharko dituzte herritarrek. 20:00etako saioak larunbat arratsaldeetakoak izango dira. “Lasarte-Orian zinea ikusteko aukerak areagotze aldera antolatu ditugu”, zehaztu du Juantxi Ugarte kultur teknikariak.
‘Zapatila gorridun mutikoa’
Zineaz gain beste hainbat genero ere sartu dituzte urriko egitarauan. Esaterako, antzerkia. ‘Zapatila gorridun mutikoa’ lana urriaren 24an estreinatuko da, Lasarte-Orian, kultur etxeko auditorioan. 3,80 euro balio du sarrera. Bestalde, Claire Ducreaux artistaren eskutik ‘Refugiada Poetica’ ikuskizunaz gozatu ahalko dute herritarrek urriaren 31n, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egindako ‘Lasarte-Oria Dantzan’ egitasmoaren baitan. Hori izango da zikloko azken emanaldia. “Duela pare bat urte Euskal Herrian aritu zen Ducreaux eta aho-zapore bikaina utzi zuen”, zehaztu du Juantxi Ugartek.
Bestalde, joan den urtekoari jarraiki opera-emanaldi digitalen aldeko apustua egingo du aurten Kultura sailak; urriaren 30ekoa izango da ikasturteko lehen emanaldia. Zehazteke dute oraindik ikuskizuna zein izango den: “Romeo y Julieta’ eta ‘La Bohème’ dira bi aukerak, konfirmatu bezain laster jakinaraziko dugu zein emango dugun’. Saioa 20:00etan izango da auditorioan, eta 9 eurokoak sarrerak.
Irakurzaletasuna ere sustatu nahi du Kultur sailak, gaztetxoenen artean batez ere. Hori dela eta, ipuin-kontalari saioak antolatu ditu hilean zehar, ‘Kontukantoi’-en eskutik. Pello Añorga eta Bea Egizabalek egingo dituzte kontalari lanak. Hilaren 13koa izango da lehenengo saioa, kultur etxeko 3. solairuko liburutegian, 18:00etan. Bigarrena 20an egingo dute, toki eta ordu berean. Azkeneko saioa 26koa izango da, toki eta ordu berean baita ere.
Nagusien omenaldia
Urtero moduan, herriko nagusiei omen egingo die Biyak Bat elkarteak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, eta ekintzaz jositako egitaraua prestatu dute astebetez. Horietako batzuk Kultur sailarekin batera antolatu dituzte. Esaterako, urriaren 2an Ezezagunok izeneko konpainiako kideak igoko dira auditorioko oholtza gainera, ‘La verdadera historia de Romeo y Julieta’ komedia antzeztera. Aipatu behar da Jon Roncero herritarra dela aktoreetako bat. 19:00etan hasiko da emanaldi hori. Bestalde, urriaren 7an Gorka Aginagalde eta Maribel Salas aktoreek ‘Monolocos’ ikuskizuna eskainiko dute toki eta ordu berean.