Luberri taldea izan zuen aurrez aurre Ostadar SKT-ko emakumezkoen erregionalak larunbatean eta garaipena erdietsi zuen, 1-0.
Julen Ormazabal eta Iker Artetxek zuzentzen duten taldea gogotsu atera zen zelaira. Partida hasi eta gutxira Goreti atezainak orkatila bihurritu zuen eta minduta jokatu zuen partida osoa.
Honetaz gain, denboraldiko lehen partida zela nabari zen bi taldeetan, urduritasuna zen nagusi.
Ostadarri baloiarekin jokoa egitea kosta zitzaion eta esate baterako, aldeko penalti batean huts egin zuen. Atsedenaldira hutsnako berdinketarekin joan ziren.
Bigarren zatian, berriz, jokoa aldatu zuen herriko taldeak, bandetatik jokatu eta baloiak gora bidaliz. Aukera gehiago izan zituzten horrela eta kontra batean Kiarak Saioari pasa eta gola iritsi zen.
Julen Ormazabal entrenatzailea, pozik agertu zen neskek egindako lanarekin, “aurredenboraldian izan ditugun arazoak ikusita”.
'Fitxaketak', Facebook-en
Ostadar SKT osatzen duten neskek kosta ala kosta atera nahi zuten taldea, eta euren eskura izan dituzten baliabide guztiak erabili dituzte, baita sare sozialak ere. “Neskak buru-belarri ibili dira talderako jokalari berriak bilatzen, bihotzez eskertu behar diegu hori. Leku guztietan ibili dira jendea bilatzen, kartelak jarri dituzte kiroldegian, Facebook kontua ere sortu zuten jendearekin harremanetan jartzeko... Zailtasunak eduki ditugu taldea aurrera ateratzeko, baina lortu dugu”, dio Julen Ormazabal entrenatzaileak.
Guztira 18 jokalarik osatzen dute taldea. Min hartuta daude horietako bi, eta osatzean fitxa egingo zaie.
Abuztuan hasi ziren entrenatzen eta oporrak eta lesioak tarteko zenbaitetan juxtu xamar ibili arren, orokorrean ondo joan dela dio Ormazabalek: “Gogo askorekin etorri ziren neskak entrenatzera, eta saio desberdinak egin ditugu, arlo fisikoa zein teknikoa landuz. Gainera, ekintza desberdin batzuk ere egin ditugu: Leizaranera joan ginen bizikleta hartuta”.
Uda partean taldea osatzeko izan dituzten zailtasunei erreparatuta, astero berdegunera irtetea haientzako garaipen bat dela esan daiteke, baina ez dira horrekin konformatzen, ezta gutxiagorik ere: “Ahalik eta ondoen ibili nahi dugu fase honetan eta gero ikusiko dugu, baina guztiaren gainetik haiek jokatzen disfrutatzea nahi dugu, lehengo urtean egin moduan”, nabarmendu du Ormazabalek.
Astelehen, asteazken eta ostiraletan entrenatzen du taldeak, 20:30etik 22:00etara. Norbaitek futbolean aritzeko gogoa eduki eta probarik egin nahiko balu, zabalik ditu taldearen ateak.