Lagunekin euskaraz primeran igaro

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 27a

Ikasturtea hasi da eta horrekin batera, eskolaz kanpoko jarduerak ere martxan hasiko dira aurki, Gazte Kluba eta Kuadrillategi horien artean. Bi ekimen hauei esker, ostiralero lagunekin primeran igaro eta lagun berriak egiteko aukera dute Lasarte-Oriako gazteek. Ikasturtean zehar, euskaraz haien gustuko milaka ekintza gauzatuko dituzte.

Ostiralean, urriak 2, Lasarte-Oriako gazteek hitzordua dute, Gazte Kluba eta Kuadrillategiko lehen saioa. Euskaraz lagun eta herriko gazteekin harremanak sendotu edo egiteko aukera paregabea eskaintzen die Ttakun KEk 8 eta 15 urte arteko gazteei.

Gaztekluba

LH3 eta LH6 bitarteko gazteek ez dute ostirala arratsaldetan aspertzeko astirik izango. 

Aipatu legez, Gazte klubak ikasturte berriari hasiera emango dio urriaren 2an eta hamaika ekintza egitea aurreikusten da.

Antolatzaileek aipatu digutenez, aisialdian oinarri-tzen den ekintza da. “Lehen egunean haurrekin solasaldi bat egin, arauak ezarri eta ekintza gogokoenak aztertzen dira”.

Iaz arrakasta handia izan zuten postre lehiaketa, Olen-tzeroren etorrera, talde-jolasak edo kirol jolasak aurten ere egitea aurreikusten da, baina gazteen nahiak kontuan izango direla ere azpimarratu dute antolatzaileek.

Ekintza gehienak Ludoteka edo liburutegi zaharreko lokalean egiten badira ere, herrian zehar ere ekintzak egingo dituztela aurreratu dute, hala nola, Okendo plaza, Manuel Lekuona kultur etxea edo herriko parkeetan.

Gazteburuak

Hau guztiaz gain, hiru astetan behin Gazteburuak antolatzen dira.

Larunbata arratsaldeetan ekintza edo irteera bereziak egiten dira, Txuri-urdin, zalditegi edo Labenne eta Arcachoneko ur-parkeetara, esate baterako.

Hau guztiagatik, LH3-6 maila arteko gazteek hitzordua dute ostiralero, arratsaldeko 17:30etik 19:30era. LH3 eta 4 mailak gaztetxoek Ludotekan egingo dituzte ekintzak. LH5-6koek berriz, liburutegi zaharra zen lokaletan.

Kuadrillategi
DBH1-4 maila arteko gazteek aldiz, Kuadrillategi ekimena dute.

Ostiraletan 19:00etatik 21:00etara, hiru taldetan banatuta, DBH1, DBH2 eta DBH3-4 ekintza ezberdinak egingo dituzte.

“Oraindik ezin ditugu ekintzak zehaztu. Baina tailerrak, talde dinamikak eta herrian zehar jolasak egingo ditugu,” aipatu dute Kuadrillategiko arduradunek.

Honen guztiaren helburua, euskaraz lagunen arteko harremana sendotzea da.

Ekintzez gain, irteerak ere egiten dituzte neguan eski irteera dute eta ikasturte amaieran, Arcachonera.

Eta uda ere lagunekin ongi igaro nahi dutenek, kanpaldietan parte hartu dezaketela azpimarratu dute arduradunek.

Harremanak

Gainera, Kuadrillategin herriko gazteekin harremana izateaz gain, beste herrietako gazteak ezagutzeko aukera ere badute. “Lezo, Pasaia, Errenteria eta Oiartzun herrietako Kuadrillategi taldeekin ekintzak egin ohi dira eta KTG eguna eta asteburuan denak biltzen dira herri batean,” adierazi dute arduradunek. 

Izena ematea

Gazte Klubean parte hartu nahi duten gazteek urriaren 2an bertan lehenengo saioan edo Ttakuneko bulegoan izena eman dezakete.

Klubeko antolatzaileek LH3 eta LH6 maila arteko gaztetxoei gonbita egiten diete ekimen honetan parte hartzera. 

Gainera aipatu dutenez, “asteburuetako ekintzetara bakarrik joan ahal direnei ere izena emateko gonbita egin diegu. Era horretara, ekintza guztien informazioa jasoko baitute”.

DBH1-4 mailetako gazteek ordea, lehengo astean eman zuten izena.

Bestalde, Kuadrillategiko saioen lekuak zehazteko daude oraindik. “Astean zehar jakin araziko zaie gazteei non egingo diren ekintzak,” aipatu dute arduradunek.