Ezin hobeto ekin dio denboraldiari Babyauto Zarautz Beltzak errugbi taldeak, bi partidutik bi irabazi baititu Ohorezko B mailan. Pasa den larunbatean Eibar RTren aurka neurtu zituzten indarrak Unbe zelaian, eta joko erakustaldia eman ostean 0-73 hartu zituzten mendean eibartarrak. Herriko hiru jokalarik hartu zuten parte norgehiagokan: 80 minutuak jokatu zituen Xabier Rekondok eta bigarren zatian sartu ziren Ander Rekondo eta David Vega, 57. eta 66. minutuetan hurrenez hurren.
Sailkapeneko aurreneko postuan daude Fran Puertas eta Facundo Oriberen mutilak. 10 puntu lortu dituzte bi jardunalditan: irabazitako partidu bakoitzagatik 4 eta beste biak 'bonus' bidez, bi norgehiagoka horietako bakoitzean lau entsegu edo gehiago egin dituztelako. Larunbat honetan Valladolideko VRAC Quesos Entrepiñares B taldearen bisita jasoko dute Zarauzko Asti zelaian, 17:00etan.
Bien bitartean, Euskal Ligako 2. mailako ZRT Beltzak taldeak Michelinen jokatuko du igandean, 11:45ean. Gasteizko Gaztedi B taldea izango dute aurrez aurre.