zken urteetako hitzordua izan arren, beste itxura bat hartzen du Kale Nagusiak Mugikortasun Astea ospatzearekin batera. Honakoa, trafikoarentzat itxi egiten da eta joko eta jolasek hartzen dute lekua.
Haur zein gaztetxoentzako ekintzak antolatu dira gaur. Eguraldi goibelari aurre eginez, asko izan dira hurbildu direnak eta ederki pasa dute.
Begiraleen laguntzaz, bide hezkuntza zirkuitua egiteko aukera izan da. Honetan bizikleta gainean zirkuitua osatu behar dute gaztetxoek kaleetako ohiko bide seinaleei so eginez. Horretaz gain, futbolean aritzeko aukera izan dute, herri kiroletan trebatu edota segway gainean ibilbidea egiteko.
Azken honek urtero izaten du arrakasta eta hala izanda gaurkoan ere. Ilara egin dute hauen gainean ibili nahi zuten umeek. Txikienek hori bai, laguntzaile bat eraman behar izan dute alboan. Horrela izanda, euriari aurre eginez pasa dute arratsaldea herriko ez ohiko jolasleku bilakatutako Kale Nagusian.
Bizikletaren eguna
Bihar bizikletek hartuko dute Okendo plaza. Iaz bezala, bigarren eskuko bizikleten azoka egingo da arratsaldean zehar. Honetan herritarrek aukera izango dute erabiltzen ez dituzten bizikletak, patinak, patineteak zein osagarriak saltzeko. Horretarako aurrez eraman beharko dira produktuak, 15:00etatik aurrera Okendora.
16:30ean abiatuko da 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzako bizikleta martxa eta jarraian, 17:00ak aldera, zaharragoen txanda izango da. Hauek ibilbide luzeagoa egingo dute herriko bidegorri saretik.
Bizikleta gainean txangoa egitera animatzen ez direnek, aukera izango dute jolas ezberdinekin gozatzeko.
Astelehenean ikastaroa
Bizikletarekin hirian ibiltzen ikasteko ikastaroa egingo da 18:30ean astelehenean Okendon. Honen helburua hirian aurki daitezkeen oztopoen aurrean beldurra galdu eta hainbat jarraibide ikastea da. Parte hartzeko, aurrez izena ematea beharrezkoa da eta oraindik lekua dagoenez, antolatzaileek herritarrak animatzen dituzte. Izena emateko, 943 670 249 zenbakira deitu behar da.