Auzoa eta lana elkarbizitzarako

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 19a

“Euskal seneko balioak elkarbizitzaren alde” titulupean hitzaldia izan da goizean Ganbo Iturri elkartearen egoitzan. Enrique Ayerberi Etor-Ostoa editorialeko zuzendaria eta ‘Euskaldunak’ bildumaren editoreak eskaini du eta Joxean Rekondo arduratu da hau gidatzeaz.

Ganbo Iturriko egoitzan elkartu dira goizean hainbat herritar Enrique Ayerberiren hitzaldia entzuteko. Honakoa elkarbizitzaren inguruan elkartea egiten ari den lanaren baitan kokatu da. Uztailean egin zen lehenengo hitzaldia. Honetan An­dreas Schäfer eta Alex Carras­cosak Gernika Gogoan, Bake museoak eta Bakeola elkarteek Bizkaian martxan duten MemoriaLab proiektua azaldu zieten elkartean bildu ziren herritarrei. Gaurkoan berriz, auzolana izan da ardatz.

Joxean Rekondok azaldu moduan, “kontserbatu ditugun hizkuntza lanabesak, ezagutza tradizionalak eta bizirik dirauten herri-ohiturak humanizazio-potentziala baduela esan ohi dute jakitun askok. Orain elkarbizitza finkatzeko aukeraren aurrean garela, galdera litzateke zertan lagun diezaguken oraindik bizirik den euskal sen horrek etorkizunean behar dugun auzogintza berria eraikitzerakoan”. 
Galdera horri erantzuna emateko Enrique Ayerberi gonbidatu dute. 

Iraganetik ikasi

Enrique Ayerberiren hitzetan, auzolanak bere baitan dituen balioek egun bizi dugun elkarbizitza arazoa konpontzeko baliagarriak dira.

“Indarkeria amaituta, oraindik banatuta dagoen gizarte batean bizi gara eta hau gainditzeko, elkarbizitzarako lanketa instituzioetatik baita herrigintzatik egin behar da”. Honen ustetan gizarteak momentu honetan eskatzen du elkarbizitza arazoarentzat irtenbide bat. 

Egun instituzioek egiten ari diren lanketaz gain, bere ustetan iraganera jotzea beharrezkoa da. Historian zehar euskal jendarteak gatazka larri asko gainditu eta konpondu ditu. Horregatik uste du erantzuna herriaren memorian dagoela, hizkuntzan, ohitura eta usadioetan. 

Auzo eta lan
Ayerberik auzolana azpimarratzen du gure gizartearen oinarri eta abiapuntu. “Auzoa eta lana dira abiapuntutzat hartu behar diren baloreak”. “Egun badago gure gizartean gai honekiko sentsibilizazioa eta dagoen elkarlanerako jarrerak gure usadioek markatutako auzolan horretatik datoz”. Hala nola, burujabetasuna, laguntza eskaintza… Hauek dira abiapuntua elkarbizitzaren lanketarako. Horretako herrigintzan eragin behar dela uste du Ganbo Iturriren 'Elkarbizi' egitasmoa bezalakoekin.