Martxan da dagoeneko herriko kirol lehiaketa ezagunenetako bat: Ostadar SKTk urtero antola-tzen duen areto-futbol txapelketa. XXXIII. edizioa izango da aurtengoa. Iazko berbera izango da talde kopurua: 13. Dena dela, astero sailkapenean agertuko diren izenetan berrikuntzak topatuko dituzte zaleek. Txapelketako historiko batek, Buenetxea tabernak alegia, ez du aurtengo edizioan parte hartuko. TSST izeneko taldeak beteko du aurten hutsunea.
Txindoki eta Txoko tabernek jokatu zuten lehenengo jardunaldiko lehen partidua, atzo. Ikusle ugari gerturatu zen Michelingo kirol-gunera. Txapelketa irabazteko faboritoetako bat da Txindoki eta horrela erakutsi zuen ostiralean, Txoko 9-0 mendean hartuz. Urdaneta Hortz Klinikaren eta Indaux tabernaren arteko norgehiagoka ere atzo jokatu zuten. Indauxek 6-7 irabazi zuen.
Jardunaldiko gainontzeko partiduak gaur jokatu dituzte taldeek, goiz osoan zehar. 9:15ean Viña del Mar eta Izkiña tabernek neurtu dituzte indarrak. Bigarrenek irabazi dute, 3-9. 10:15ean Ilargi eta TSST aritu dira 1-1 berdinduz. Handik ordubetera hasi da Trumoi eta Also tabernen arteko partida. 3-1 gailendu da Trumoi. Azkenik, Kattagorri Jolas Denda-Insausti tabernak 4-3 garaitu du Reformas Urdaneta. El Punto lehengo urteko txapeldunak hartu du atseden asteburu honetan.
Helburuak eta asmoak
Txapelketa honetarako dituzten helburuei buruz aritu dira antolatzaileak: “Txapelketaren maila igotzen ari da urtero; jokalari, antolatzaile eta laguntzaileak gero eta inplikatuago daude, epaile gehiago dauzkagu... Aurtengorako erronka txapelketa herrian gehiago zabaltzea da, garai batean finalaren egunean zegoen festa-giro hori berreskuratzea”. Formula desberdinak aztertzen ari direla aipatu dute arduradunek, hori lortzeko: “Areto-futbolarekin lotura duten hainbat ekimen egin nahi ditugu finalaren egunean, eta era berean festa-giroa ere egon dadila”.
Areto-futbola herrian zabaltzen jarraitzearena “desagertu behar ez den zeregina” dela nabarmendu dute: “Inoiz bizi ez dutenei erakutsi nahi diegu garai batean txapelketa honek herrian zer nolako garrantzia zeukan”.
Horrez gain, aipatu dute jende gehiago erakarri nahi dutela kirol-gune zein kiroldegiko harmailetara, gero eta jende gehiago animatu dadin areto-futbolean jokatzera, gazte jendea batez ere.
Ordu askoko lana
Gisa horretako txapelketa bat ez da egun batetik bestera antolatu eta prestatzen. Ordu, egun eta hilabete askoko lana dago atzean. Hori dela eta, Ostadar SKTko areto-futbol alorrean pertsona gehiago ari dira lanean aurten, arduradunek beraiek azaldu dutenez: “Kudeaketa-lanak erraztu eta ahalik eta aukera gehien edukitze aldera, pertsona gehiago ari gara lanean areto-futbolaren alorrean aurten”.
Kide gehiago edukitzeagatik, ordea, ez du esan nahi txapelketako antolatzaile eta arduradunek laguntza behar ez dutenik: “Urtero moduan, asko eskertuko dugu kanpotik etorri ahal zaigun laguntza guztia, txapelketa antolatzerako orduan lan asko egiten baita itzalpean. Kanpotik ezin imajina daiteke zenbat ahalegin eta esfortzu eskatzen duen gisa honetako areto-futbol txapelketa bat antolatzea”.