Ttakun Kultur elkarteak, Udalaren eta herriko euskaltegien laguntzarekin eramaten du aurrera Solaskide egitasmoa. Euskaraz hitz egitea da helburua eta horretarako euskaldun zaharrak euskaldun berriekin elkartzen dira asteroko hitzorduak sustatuz.
Herrian 100 bat partaide ditu egitasmoak eta talde ezberdinetan daude banatuta.
Hauek denetariko ekintzak egiten dituzte, kafe bat hartu, paseo bat eman, kirola egin... eurek erabakitzen dute zein maiztasun eta zein ekintza egin elkarrekin. Betiere euskaraz mintzatuz.
Ekintza desberdinak
Asteroko hitzorduaz gain, solaskideek ekimen bereziak ere dituzte urtean zehar, afariak, ikastaroak, etab. Ttakunetik zein solaskideen talde eragiletik sustatutakoak. Hauekin bilatu nahi da euskaldun berriak ahalik eta inguru desberdinetan euskaraz hitz egiteko aukera izatea.
Jendearekin harremanak euskaraz eraikitzea duen garrantzia kontutan hartzen da hauek antolatzeko garaian.
Solaskide izateko
Sustatzaileek Solaskide izateko hainbat irizpide finkatu dituzte. Horrela izanda, euskaltegietan 4. eta 5. mailetan hau da, euskaraz harreman-tzeko gai direnek edo maila altuagoa duten ikasleek parte hartu dezakete ekimen honetan.
Baina euskaraz hitz egin eta euskaltegietan ez dagoen jendea ere ongi-etorria da. Izan ere, bada jendea bere euskara maila hobetzeko beharra duena eta aukerarik ez duena inguruan euskaldunik ez daukalako adibidez.
Honetaz gain, urteroko deia egiten zaie euskaldun zaharrei. Euskaldun berriei bideak zabaltzeko prest dauden bidelagunak behar dira.
Ikasketa prozesuari dagokionez, jende euskalduna ezagutzeko aukeraz gain, azpimarratzekoa da horrelako saioetan entzumenak duen garrantzia ere. Haurtzaroan bezala, entzunez asko ikasten dela diote programaren bultzatzaileek: “Hizkuntza baten ahoskera eta jarioa entzunez eskuratzen da”.
Izena ematea
Egitasmoaren inguruko azalpenak edo informazio gehiago eskuratzeko, solaskide programako koordinatzailearekin harremanetan jar daiteke Ttakun elkartera hurbilduz, solaskide@ttakun.com helbidean edo 943 371 448 zenbakira deituz. www.mintzalaguna.eus helbidean ere aurki daitezke Euskal Herrian zabaltzen den egitasmoaren inguruko zehaztasunak.
Koordinatzaileak, pertsona bakoitzaren beharrak aztertu eta bakoitzarentzat aukerarik onena bilatuko du. Azken finean, euskara ikasteko prozesua ez da erraza izaten askorentzat. Bidea egiteko laguntza eskaintzen du solaskidek.
Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta horrela izango da urriaren 30a bitartean. Hortik aurrera, ikasturtean jende gehiago onartu ahal izango da beti ere talde nahikoak badaude.