Gazi-gozoa izan da denboraldiaren hasiera saskibaloiko errendimendu mailako bi taldeentzat. Kadete neskek ezin izan zuten Ordizia mendean hartu; 29-36koa izan zen markagailua amaieran. Errendimenduko junior neskek aldiz, Orion eskuratu zuten denboraldiko lehen garaipena larunbat arratsaldean. Zast Zarautz taldea izan zuten aurrean eta defentsa-lan bikaina egin ostea 22-37 irabazi zuten.
Bestalde, 3. probintzialeko senior mutilek urrian hasiko duten sasoia prestatzen jarraitzen dute. Lagunartekoa jokatu zuten atzo goizean Kiroldegian, Luberriren aurka. Erraz nagusitu ziren Borja Franganilloren jokalariak, 95-53. Aurtengo denboraldian goiko postuetan egoteko gaitasuna dutela erakutsi nahi dute eta igoerako playoff-a jokatzeko sailkatu.
Saskibaloi eskola
2015-2016 denboraldirako berrikuntza nagusia da hastear den saskibaloi eskola. Ostadarrek 8 eta 11 urte bitarteko gaztetxoei aukera emango die kirol horretan murgiltzeko. Horretarako, urri hasieratik ostiralero elkartuko dira Michelingo kirol-gunean, 18:30ean. Izena emateko epea zabalik dago oraindik; Ostadarrek Geltoki kalea 25 zenbakian duen bulegora joan beharko dute interesa dutenek, 18:00etatik 20:00etara bitartean.