Udalak egun honekin bat egin du aurten ere eta ekintza egitarau berezia izango da irailaren 17tik 22ra bitartean. Jesus Zaballos alkateak, Agustin Valdivia zinegotziak eta Artelatzeko Eli Gondat-ek aurkeztu dute goizean.
Horrela izanda, hilaren 17an ostegunean, oinezkoen erabilera sustatzeko, trafikoa itxi egingo da Kale Nagusian, Torre etxeko biribilgunetik Ola Kalera, eta hainbat jarduera ludiko eta kirolezko egingo dira honetan. Besteak beste, Segway zirkuitua.
Ostirala bizikletaren eguna izango da eta bizikleta martxa egiteko aukera izango dute haur eta gazteek. 16:30ean Okendotik abiatuko da 6-11 urte bitartekoen martxa. 17:00ak aldera berriz, 12 urtetik gorakoen txanda izango da. Hauek ibilbide luzeagoa egingo dute herriko bidegorri saretik. Horretaz gain, Okendo plazan jolasak eta 2. eskuko bizikleten azoka izango dira.
Bizikleten bigarren eskuko azoka
Eli Gondatek azaldu moduan, urtetik urtera azokaren arrakasta handitzen joan da. “Iaz eraman zen materialaren erdia baino gehiago saldu zen eta trukerako aukera ere egon zen”.
Aurreko edizioetan bezala, herritarrek etxean erabiltzen ez dituzten bizikletak, patinak zein osagaiak eraman beharko dituzte azoka hasi aurretik, 15:00etatik 16:30ak bitartean, Okendora. Jabeak fitxa bat bete beharko du saltzeko utzitako materiala berea dela ziurtatuz. Azokaren ostean, 19:30etatik 20:00ra, diru bila edo ez saltzekotan, materiala jasotzeko azpimarratu du Gondatek.
Trukearen aukera ere badagoela aipatu dute. Horretarako bertan egon beharko dira jabeak.
Bestalde, astelehenean, irailak 21, bi orduko ikastaro bat egingo da, 16 urtetik gorakoei zuzenduta, hirian barrena bizikletaz zirkulatzen ikasteko. “ Ikastaro teoriko-praktikoa izango da eta bizikleta eraman beharko dute parte hartzaileek. Araudiaren berri eman eta hirian bizikletarekin nola jardun ikasiko dute parte hartzaileek. Honetan aurrez izena eman behar da 943 670 249 zenbakira deituta.
Azkenik, asteartea autorik gabeko eguna izango da eta herri barruan mugitzeko, Manttangorri doan izango da egun guztian.
Agustin Valdiviak azaldu duenez, ekintza hauek Artelatz enpresak antolatuko ditu udalak bideratutako 6.000euro-ko aurrekontuarekin. Egitarauaren berri herritarrek izan dezaten, 7.000 esku-orri banatuko dira gaurtik herriko etxe guztietara, “programari buruzko informazioaz gain, mugikortasun jasangarrirako aholkuak ere txertatu dira honetan”.
Gogoratu nahi izan dute Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea Europa mailako kanpaina bat dela hirietan ibilgailuen erabilera gutxitzeko. Honen ordez, oinezko, bizikletazko edo garraio publikozko mugikortasuna sustatuz.