Auzolanak bere baitan dituen balioek egun bizi dugun elkarbizitza arazoa konpontzeko baliogarriak direla uste dute Ganbo Iturri elkarteko kideek.
Horregatik, irailaren 19an, larunbata goizeko 11:00etan, “Euskal seneko balioak elkarbizitzaren alde” hitzaldia antolatu dute elkarteko egoi-tzan.
Joxean Rekondo, Mari Asun Izeta eta Enrique Ayerbe elkarteko kideek aurkeztu dute gaur hitzaldia.
Bertako tresnak
Joxean Rekondok gogoratu duenez, hitzaldi hau elkarbizitzaren aldeko prestakuntza plangintzaren bigarren ekintza da.
Bere hitzetan elkarbizitzaren alde lan egiteko atzerriko adituei deitzen zaie haien herrialdeetan gertatutako azaltzeko, baina “bertan ditugun tresnak aurkitu eta horiekin lan egitea garrantzitsua dela uste dugu.”
Horregatik, etxetik, auzotik edo herritik ikasitako baloreak eta senak kontuan izan eta hainbat berreskuratu behar direla ikusirik hitzaldia antolatu dute.
Auzolana
Agerraldian azaldu moduan, Enrique Ayerbe elkarteko kidea izango da hitzaldia eskainiko duena.
Ayerbek adierazi duenez, “biolentzia amaitu da baina haustura dago elkarbizitzan.”
“Historikoki arazo eta gatazka latzak bizi izan ditu gure herriak eta hauek konpondu ditu. Nola konpondu ordea? Erantzuna herriaren memorian dago eta hau instituzioetan dago. Hauek ohitura eta usadioak dira eta bere baitan balioak dituzte,” azaldu du.
Hori kontuan izanik, auzolana eta bere balioak izango dira hitzaldiaren oinarri. “Sentsibilizazio handia dago gaur egun kontu honekin eta egun dagoen elkar lanerako jarrerak honetan du oinarria,” adierazi du.
Burujabetasuna, laguntza eskaintza... auzolanak bere baitan dituen baloreetako batzuei buruz hitz egingo dela aurreratu du.
“Ikuspuntu modernoa eskainiko dugu, ez gara etnografian oinarrituko. Aitzineko usadioak hartu eta ekintza horien atzean dagoen balorea kontuan izango dugu. Eta gaur egun duen hitz teknikoa emango diogu,” aipatu du.
Izan ere, bere aburuz, elkarbizitza lortzeko balio hauek berreskuratu behar dira, batez ere, elkarrekikotasuna.
Izena ematea
Agerraldian jakitera eman dutenez, hitzaldi honetako plaza kopurua mugatua da. Beraz, ganboiturri@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz izena eman behar dute honetara joateko interesa duten herritarrek.