Lasarte-Oriak ordezkaritza zabala izan zuen atzo Kontxako badiako 72. itsas zeharkaldian. Senior mailan bost igerilarik burutu zuten 2 kilometro eta 220 metroko ibilbidea. Xabier Elizegik lortu zuen postu onena, sailkapen orokorrean 26. postua eskuratuz. Bere kategorian 18. izan zen (senior gizonezkoak). 27 minutu eta 40 segundo behar izan zituen ibilbidea burutzeko. Juan Vicente Martin 44. izan zen sailkapen orokorrean eta 3. bere kategorian, zeharkaldi bikaina eginez. 28 minutu eta 59 segundoko denbora egin zuen (master gizonezkoak). Izaskun Salazarrek aldiz, 127. postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean eta bere kategorian 3. izan zen (master emakumezkoak), emaitza paregabea erdietsiz. Sailkapeneko hurrengo herritarra Iñigo Arias izan zen. 34 minutu eta 19 segundotan burutu zuen proba, 164. postuan zeharkatuz helmuga. Master gizonezkoen kategorian egin zuen igerian, eta 42. izan zen. Azkenik, Oscar Gilek sailkapen orokorreko 602. postuan amaitu zuen, bere kategorian (master gizonezkoak) 171. izanik. 47:33ko denbora egin zuen.
Buruntzaldea IKTko infantilak
Seniorren zeharkaldia baino 45 minutu lehenago hasi zen infantilen kategoriakoa; 11:00etan. Irteera-lerroan, Buruntzaldea IKTko bost igerilari: Ainhoa eta Leire Martin, Irati eta Joane Arzalluz eta Unai G. Somovilla. Leire Martin izan zen herritarren artean azkarrena: sailkapen orokorrean 9. izan zen eta 4. bere kategorian (infantil emakumezkoak), 740 metroko ibilbidea 6 minutu eta 52 segundotan burutuz. Unai G. Somovilla 19. izan zen orokorrean eta 10. infantil gizonezkoetan. Irati Arzalluz izan zen hurrengo herritarra: 7 minutu eta 14 segundoko denbora egin zuen, infantil emakumezkoetan 10. eta orokorrean 21. postua eskuratuz. Leireren ahizpa Ainhoa Martin 24. izan zen eta 13. bere kategorian, 7 minutu eta 17 segundoko denborarekin. Azkenik, Iratiren ahizpa Joane Arzalluz 85. izan zen orokorrean eta 54. bere kategorian, proba 9 minutu eta 13 segundotan burutuz.