Extremaduraren asteburu handia

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 13a, 22:15

Ekitaldiz beteriko hiru eguneko jaiak ospatu ditu Extremadura etxeak. Guadalupeko Ama Birjina omendu dute ostiralean hasi eta gaur arte. Kultura, gastronomia, kirola eta beste hainbat alor bildu dituzte egitarauan, adin tarte guztietako jendeari ekintzetan parte-hartzeko aukera emanez. Gustura daude antolatzaileak jaiek izan duten harrerarekin, eta aipatu dute hasi direla jada datorren urtekoak prestatzen.

Banderaren altxatze ekitaldiarekin hasi zituen hiru eguneko ospakizunak Extremadura etxeak, ostiral iluntzean. Extremaduraren ereserkia abestu zuten ekitaldira hurbildu zirenek. Horren ostean, herri-afaria dastatzera joan ziren horietako asko.

Sabela bete ostean, 'postre' bikaina Jaizkibel plazan: 'ExtremayDura' rock jaialdia. The Zepo, The Northagirres, The Garax eta Bar Remigio taldeek (herrikoak azken biak) girotu zuten ostiral gaua. Jaialdiak harrera bikaina izan zuen eta hainbat jende hurbildu zen musika emanaldiez gozatzera. Kontzertuak amaitu eta gero DJ Avilaren eskutik gaueko ordu txikietara arte luzatu zen festa. 

Ekintza ugari larunbatean

Goizetik hasi eta gauera arte herritarrek hamaika ekintzaz gozatu zuten. Gaztetxoenek marrazketa lehiaketan hartu zuten parte eta gero hainbat jokotan aritu ziren bazkalostera arte: aulkien jolasa, sokatira, zaku lasterketak eta beste hainbat. Aspertzeko segundo bakar bat ere ez zuten izan. 

Jendetsua izan zen baita ere eguerdiko meza nagusia. Xabier Andonegi apaizak gidatu zuen. Errenteriako 'Los Ecos de Monfragüe' koruaren abestiak tartekatu ziren apaizaren sermoiarekin. 
Goizeko ekitaldiak amaitzean herritar asko Extremadura etxera gerturatu ziren sukaldariek prestatutako paella gozoa dastatzera.

Arratsaldean futbolin txapelketa jokatu zen Buggy tabernan eta mus txapelketa Extremadura etxean bertan. 18:00etan berriz, 'Raices y brotes' taldeak ikuskizun ederra eskaini zuen Jaizkibel plazan, ikusleen gozamenerako.

Gauean elkarrekin afaldu zuten udal ordezkariek eta Extremadura etxeko bazkideek. Indarrak hartu eta gero 'Ibai Berriak' taldearen dan-tzaldiaz gozatzera hurbildu ziren hainbat herritar.. Extremadurako migak dastatzeko parada ere eduki zuten parranderoenek, 1:00ean.  

Gaur goizean Zambra taldeko dantzariak igo dira taula gainera. Herritar andana gerturatu da Jaizkibel plazara ikuskizun bikainaz gozatzera. Tute eta bolo txapelketak jokatu dira arratsaldean, eta jaiei amaiera emateko banderaren jasotze-ekitaldia ospatu dute Extremadura etxean bertan. 

Antolatzaileak, gustura

Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak prestatzen ibili dira hainbat pertsona. "Oso pozik" daudela adierazi dute, aurreikusita zeuden ekitaldi guztiak egin ahal izan dituztelako eta jaiek harrera "oso ona" eduki dutelako herritarren artean. Aipatu dute "arrakastatsuak" izan direla antolatu dituzten bazkari eta afariak, tiket ia denak saltzea lortu baitute horietan guztietan. Era berean, Jaizkibel plazan jarri duten tabernan zenbaitetan "estu eta larri" ibili direla azpimarratu dute, aurreikusi baino garagardo eta sekreto iberiko gehiago saldu dutelako. Hornitzaileengana joan behar izan zuten atzo garagardo litro eta haragi kilo gehiago erostera. 

Herritarren parte-hartzearekin ere kontentu daude antolatzaileak: "Haurrentzat ziren joko ugaritan gurasoek ere hartu dute parte. Bestalde, adineko pertsonek esan digute ez dugula ezer prestatu bilobekin batera jolasean ibil daitezen. Kontutan hartuko dugu hori datorren urterako". 

Asteburuak utzi dituen irudiak argazki galeria eta bideoteka hauetan bildu ditu Txintxarrik.