Azkenean lasterketez gozatu ahal izan badute ere, zale, antolatzaile eta lasterkariek tentsioz betetako hilabeteak pasa dituzte, uztaila hasierara arte kolokan egon baitzen denboraldia. Hamaika komeria eta liskarren ostean, ados jarri ziren azkenean eragile denak eta Donostiako Udalak ofizialki aurkeztu zuen uztailetik irailera bitarteko egutegia.
'Ziga' garaile Kursaal sarian
Casino Kursaal sariak ireki zuen aurtengo udako denboraldia. Uztailaren 26an (igandea) jokatu zen, eta ‘Ziga’ izeneko zaldiak lortu zuen garaipena. ‘Risby’ eta ‘Abdel’ zaldiek osatu zuten podiuma orduko horretan. Zaleek erakutsi zuten lasterketa-gosez zebiltzala, 2.200 zale inguru gerturatu baitziren Hipodromora jardunaldiaz gozatzera.
Herriko Oscar Anaya eta Ana Imazek ere zeresan handia eman zuten Digitalak sarian, euren ‘Prince Alay’ eta ‘Xiuni’ zaldiak lehenengo eta bigarren postuetan iritsi baitziren helmugara, hurrenez hurren.
Bost jardunaldi abuztuan
Abuztua izan da hilabete garrantzitsuena denboraldian; zortzi jardunaldietatik bost pasa den hilabetean jokatu zituzten. Hilaren 3koa izan zen lehenengoa. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia sariaz gozatu zuten Hipodromora hurbildu zirenek. ‘Laffan’ izeneko zaldiak irabazi zuen proba. Oscar Anaya herriko prestatzailearen ‘Vallila’ zaldia izan zen bigarrena eta ‘Alcano’ izenekoa hirugarrena.
Abuztuaren 9an jokatutako Maria Cristina Hotela sariarekin ‘Hipikaren Aste Nagusia’ hasi zen. Orduko horretan ‘Gang of Ten’ zaldi irlandarrak irabazi zuen. Horrez gain, Kriterium Nazionala ere egun horretan jokatu zuten, eta Ana Imazen ‘Xiuni’ zaldiak irabazi zuen.
Denboraldiko egutegiko hitzordu nagusia abuztuaren 15ekoa izan zen: Urrezko Kopa. Hipikaren festa izan zela esan daiteke, 7.000 ikusle gerturatu baitziren lasterketa horretaz gozatzera. Frantzia aldera joan zen irabazlearen saria: ‘Scalambra’ eta ‘Rooke’ zaldiak izan ziren helmuga zeharkatzen lehenengoak. Ramon Avial herritarraren ‘Tramazales’ zaldiak lasterketa txukuna egin eta 4. postua eskuratu zuen.
Egutegiko bosgarren proba (abuztuko laugarrena) abuztuaren 23koa izan zen. Eusko Jaurlaritza saria izan zen egun horretako proba garrantzitsuena. Kantabriako prestatzaile Alberto Remolinaren ‘Cielo Canarias’ zaldiak lortu zuen garaipena, 2012. urtean egin bezala. Aipatu behar da Remolinaren zalditegian Toño Blazquez herritarrak egiten duela lan.
Abuzturako programatutako jardunaldietan azkena hilabeteko azken egunean jokatu zen. Ana Imaz herriko prestatzaileak ez du berehalakoan ahaztuko abuztuaren 31 hori, Casino Bilbao Nazioarteko Kriteriumean bigarren eta hirugarren postuak lortu zituelako (‘Xiuni’ eta ‘Pephermo’ zaldiekin) eta horrez gain ‘Peña Hipica donostiarra’ saria irabazi zuelako ‘Ghost Rules’ zaldiarekin.
Donostia sariarekin amaiera
Aurreko igandean jokatu zen Donostia sariak (eta beste zenbaitek) eman zioten amaiera zaldi-lasterketen udako denboraldiari. 'Achtung' izeneko zaldiak irabazi zuen proba ospetsu hori. Lasterketa hori baino lehen beste hainbat ikusi ahal izan zituzten Hipodromora gerturatutako zaleek. Nagore Otaño oroimenezkoan (2007an zendu zen Otaño jockey-a, Hipodromoan, lasterketa batean parte hartzen ari zela zalditik erori ostean) Oscar Anaya herriko prestatzailearen 'Suspiron' zaldiak irabazi zuen, 'City Ground' Erresuma Batuko zaldiari aurrea hartuz. 2.000 zale inguru gerturatu ziren aurreko igandean Hipodromora.
Turf-zaleek gogotik gozatu dute aurtengo udako denboraldiaz. Orain, datorren urtera itxaron behar. Ikusteke dago zer gertatuko den, baina urte garrantzitsua izango denaren zalantzarik ez dago, 2016an 100 urte beteko baititu Hipodromoak.