Maialen Chourraut Munduko txapelketako semifinaletarako sailkatu da

Txintxarri Aldizkaria 2015eko irailaren 17a

Londresko Munduko txapelketako hurrengo faserako sailkatu zen atzo Maialen Chourraut herritarra. Hirugarren denbora onena lortu zuen goizeko lehen sailkapen fasean, finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratuz.

Londresko Lee Valley White Center piraguismo zentroan ongi moldatzen dela erakutsi du Maialen Chourraut herriko piraguistak beste behin. Brontzezko domina irabazi zuen 2012an pista horretan bertan, Londresko Olinpiar Jokoetan eta hiru urte beranduago, Munduko txapelketan murgilduta dago; sailkapen fasean aritu zen atzo.

Bi erronda zeuden antolatuta atzo, baina Chourrautek finalaurrekoetarako zuzenean sailkatzea lortu zuen goizekoan. Hirugarren denbora onena egin zuen, egungo txapeldun olinpiko Emilie Fer frantsesaren eta Corinna Kuhnle austriarraren atzetik. 

Larunbatean du hurrengo hitzordua herriko piraguistak; finalaurrekoetan ariko da goizean emakumezkoen K1 modalitatean, gizonezkoen C2 kategoriarekin batera. 10:00etatik 12:20era bitartean jokatuko dira bi probak. Sailkatuko balitz, finala 13:00etik 14:30era jokatuko luke. Aipatu behar da txapelketa honetan 15 plaza daudela jokoan Olinpiar Jokoetarako, lehenengo 15 herrialdeentzat. Dena dela, plaza horiek ez dira nominalak; hau da, herrialdeak lortzen du Olinpiar Jokoetan aritzeko txartela baina beste zenbait proba jokatu ostean jakingo da herrialde bakoitzeko zein piraguista joango den Rio de Janeirora.