Oroimen kolektibo eta bateratzailea lortzearen gaia jorratu zuen atzo Argituz elkarteko kide Andres Krakenbergerrek, esparru globaletik lokalera. Azken horri buruz ari zela, honakoa esan zuen: "Zaila izango da, baino posiblea da inor kanpoan utziko ez duen memoria bat eraikitzea".
Xede hori erdiesteko ari da lanean herritar talde bat, 2014ko urritik, "horrenbeste arrazoi eta gertaeren ondorioz -iraganekoak zein egungoak- urratu den elkarbizitza berreraikitze aldera".
Orain, Baketik elkartea bidelagun, 'Bizikidetza berreraikitzen' izeneko jardunaldiak prestatu dituzte. Atzoko hitzaldiari ekin aurretik, Baketikeko kide Iker Usonek "eskerrak" eman zizkion taldeari eta baita Udalari ere, gai hori lantzeko "ahal izan duten guztia jartzeagatik".
"Diskriminaziorik gabeko memoria"
Biktimen Inguruko Nazio Batuen Printzipioetan oinarrituta, Krakenbergerrek azaldu zuen zer den biktima izatea, eta baita horiek dituzten eskubideak ere: egiarena, erreparazioarena, informazioa jasotzearena, berriz ez errepikatzeko bermearena...eta baita diskriminatuak ez izatearena ere.
Espainiar Estatuaren sistemak "gabeziak" dituela azpimarratu zuen, eta "zenbait biktimak, anti-sistema izan diren talde terroristenak hain zuzen -ETA, GRAPO, etab.-, beste batzuek -talde parapolizialenak (GAL), muturreko eskuindarrenak (BVE)- baino errekonozimendu gehiago" jaso izan dutela historikoki. Era berean, azpimarratu zuen oraindik "lan asko" dagoela egiteke biktimen aitortza eta erreparazioari dagokionean.
Argituz elkarteak berak jasotako hainbat daturekin (tortura eta espetxe-politika kasuak jaso ez dituztela zehaztu zuen) urteotan Euskal Herrian gertatutako giza eskubideen urratze kasuak ere aztertu zituen hizlariak.
"Zaila, baina posiblea"
Esparru lokala ere jorratu zuen Krakenbergerrek, esanez Lasarte-Orian bertan "posible" dela alde guztiak bilduko dituen memoria eraikitzea. Hori bai, onartu zuen "zaila" izango dela, eta ez "egun batetik besterakoa".
"Beharrezkoa da aldatzeko borondatea edukitzea, eta instituzioen zein herritarren elkarlana. Ez du balio biktimak bereiztea, nireak zureen aurka eta, batez ere, egia dosi handiak behar dira memoria kolektibo eta bateratzailea eraikitzeko", nabarmendu zuen giza eskubideen aldeko aktibistak.
Paco Etxeberriaren hitzaldia bihar
Aranzadi taldeko kide Paco Etxeberriaren txanda izango da bihar. Antonio Mercero gunean ariko da bera ere, 19:00etatik hasita. 'Torturaren ikerketa Euskal Herrian. 1960-2010' izeneko hitzaldia eskainiko du.