Goi mailako atletismoa ikusi nahi duenak aukera izango du igande honetan Hipodromoan. 61. Nazioarteko Krosa egingo da, eta antolatzaileek adierazi dutenez, "kartel erakargarria" ekarriko dute aurtengoan ere.
Ojira eta Ayalew faborito emakumeen artean
12:30etan hasiko da emakumezkoen froga. Zirkuitoari hiru itzuli handi eta moztutako handi bat emango dizkiote, guztira 8.142 metro eginez. Belaynesh Ojira eta Hiwot Ayalew etipopiarrak dira froga irabazteko faborito nagusiak. Lehena 9. izan da 2015eko Munduko Kross Txapelketan, Guiyangen, eta postu bera lortu du 10.000ko Munduko Txapelketan Beijingen. Halaber, Londongo Olinpiar Jokoetan bosgarren izan zen 10.000ko frogan. Ayalew, aldiz, bosgarren izan da 2015eko 3.000 oztopoen munduko ranking-ean.
Stephanie Twell eskoziarrak –junior mailan Munduko Kross Txapeldun hainbat alditan izandakoa– eta 2015ean Espainiako Kross txapeldunorde izandako Diana Martin madrildarrak ere zeresana emango dute. Jessica Anne Andrews ingelesa, azken orduan jakin dugunez, ez da Hipodromoan izango, gaixo baitago-
Beteranoak aldi berean aterako dira, baina moztutako itzuli handi bat egingo dute soilik, 2.142 metro.
Imane Merga gazteen aurka gizonezkoetan
13:15etan hasiko dira gizonezkoak. Guztira, 10.142 metro egingo dituzte, zirkuito osoari lau itzuli handi eta moztutako itzuli handi bat eginez.
Imane Merga etiopiarra izango da aurtengo faborito nagusia. 2011ean Munduko Kross txapelduna izan zen Punta Umbrian eta txapeldunorde 2013an Bydgoszcz-en. Dena den, ezin izango ditu bistatik galdu Dominic Chemut Kiptarus eta Abrar Osman gazteak. Kiptarusek 20 urte beteko ditu aurten eta pasa den urtean Keniako Kross txapeldun izan zen. Osmanek, berriz, 22 ditu eta seigarren izan da 10.000 metroko Munduko Txapelketan Beijingen eta 13. Munduko Kross Txapelketan.
Lasterketan aurrean egongo diren beste atletak hauek izan daitezke: Goitom Kifle eritrearra, Antonio Abadia espainarra, El Hassan Oubaddi marokoarra eta Ivan Fernandez gasteiztarra.
Beteranoak ordu berean aterako dira eta 4.142 metroko ibilbidea burutuko dute.
Euskadiko Kross Txapelketak
10:00etan hasita, Euskadiko Kross Txapelketak egingo dituzte. Infantilak (2002an eta 2003an jaiotakoak), kadeteak (2001ean jaiotakoak), jubenilak (1999an eta 2000n jaiotakoak) eta juniorrak (1997an eta 1998an jaiotakoak) lehiatuko dira emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriatan. Alebinak (2004ean eta 2005ean jaiotakoak) eta benjaminak (2006an eta 2007an jaiotakoak) modalitate mistoetan arituko dira.
Informazio gehiago http://www.krosdonostia.com/ webgunean.