Juanma Iturriondo AEK jendearen irudi

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 27a

AEK euskaltegiak egitasmo berria aurkeztu du gaur, AEK jendea. Honen bitartez, ikasle prozesuari eta hauen ibilbideari garrantzia eman nahi izan dio euskaltegiak. Horregatik, urtero ikasle baten bizipena erakutsiko du AEK jendea ekimenak. Lehena Juanma Iturriondo herritarra dugu.

Jalgi Kafe Antzokian egin da gaur goizean AEKren egitasmo berriaren aurkezpena, AEK jendea. Arrazoia, lehen protagonista herritarra dugula, Juanma Iturriondo.

Juanmarekin batera, Mertxe Mugika, AEKren koordinatzaile nagusia izan da ekitaldian. 

Mertxek eskerrak eman dizkio Juanmari AEK jendea izatea onartzeagatik eta “euskara bikain ikasteagatik” zoriondu du..

AEK jendea

Mertxe Mugikak azpimarratu duenez, “zenbakien indarra uka ezina da. Milaka lagunek bere burua euskaldundu eta orain euskaraz bizi dira. Gaur egun, momentu honetan, milaka dira euskara ikasten ari diren pertsonak. Askok Ikasi eta gero mundu berri batera salto egiten dute” .

“Ikerketa bat baino gehiagok aipatzen du, azken urteetan 300.00 hiztun berri dituela euskarak. Laurden bat baino gehiagok euskaltegian ikasi du,” atxiki du. 

Kopurua baino, ikasketa prozesuari eta ibilbideari garrantzia eman nahi izan dio AEK-k oraingo egitasmoan eta batez ere, helduaroan euskara ikasi eta euskaraz bizi diren pertsonei.

“Geldialdi, begirada sakona egin eta pertsona baten ibilbidea, ikasten ari dena edo ikasi duena aztertu nahi izan dugu. Ibilbideak anitzak dira,” adierazi du. 

“Pertsona hori ikasleen ordezkari eta ispilu izango da” eta urtean behin ezagutaraziko dute pertsona hori. 2016ko AEK jendea eta egitasmoko lehena, Juanma Iturriondo herritarra dugu.

Etxetik kanpo ikasi

Juanmak eskerrak eman dizkio AEK-ri, “zor diot hemen egotea. Eskerrak eman irakatsi zidalako”.

Bestetik, AEK jendea izateaz, harro sentitzen dela aipatu du, “ni baino hobeto idatzi edo hitz egiten duenik egongo da”.

Herritarrak azaldu duenez, duela 27 urte ikasi zuen euskara eta 2 urte behra izan zituen horretarako. “Euskara hitz egitea nuen helburu, ongi idazteak ez ninduen kezkatzen. Horregatik, erabilpenarekin ikasi nuen”.

Juanmak nahiz eta aita euskalduna izan ez zuen euskara etxean ikasteko aukerarik izan, “Eskola Nazionaletan ikasi nuen. Ama Goierrikoa  zen baina ez zen euskalduna eta aitak nahiz eta euskara jakin ez zuen denbora luzerik ematen etxean. Ondorioz, etxetik kanpo ikasi behar izan nuen euskara. AEKren helburuarekin bat egiten nuen, euskararen erabilpena sustatu eta hobetzea eta bertan izena eman nuen”.

Euskara ikasi ostean, erabiltzea erraza egin zitzaiola aipatu du, “euskaltegian amaitzean hitz eginez gehiago ikasiko nuela argi nuen. Momentu batean lortu dezakezula ikusten duzu eta pausoa ematen duzu. Gainera, hitz egiterakoan gaizki esandakoaz konturatzen nintzen eta hurrengoan kontuan izaten nuen ikasten joateko”.

Bideoa

Egitasmoaren aurkezpenarekin batera, Juanmaren esperientzia jasotzen duen bideoa hedatu du AEK-k.

Marta Elvira kazetariaren konplizitatearekin batera, Hamaika Telebistak eta AEK-k ekoitzitako erreportaje laburra AEKren webgunean nahiz AEKren Youtubeko kanalean (euskalakari-AEK) dago ikusgai, baita berri honetan ere.